Gutuna: "Askatasuna eta demokraziaz pandemia garaiotan"
Joxe Iriarte Bikilak COVID-19aren osasun larrialdiaren harira hartutako neurriak eskubide zibilei eta demokraziari nola eragiten ari zaizkien, erabiltzen ari den diskurtso belikoa eta kontrol sozialaz hausnarketa egin du gutun honetan:
Pandemia garaiotan, demokraziaren hondatzeak ordaindu beharreko prezioaren itxura har dezake. Nire ustez, gauzak justu alderantzizkoak dira. Zuzenbide-estatuaren indarra krisi garaietan erakusten da. Eskubide zibilak egoera normaletarako soilik direla ustea edo onartzea, eskubide zibiletan ez sinestea da. Segurtasun indarren gaineko kontrol mekanismoek funtzionatu behar badute, batez ere, ez ohiko botereak ematen dizkiegunean da. Eta askotan ikusi dugu askatasunen galerak ez direla iragankorrak, ondorioak uzten baitituzte herrialde bateko erakundeetan eta kultura politikoan. Izan ere, Espainiar Estatuaren defizit historiko-demokratikoa pairatzeaz gain, arazo hori areagotu egin zen terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan; salbuespenekoak omen ziren neurriak betirako txertatuz. Honi gehitu beharko genizkioke Mozal Legearen ondorioak.
Kontrol digitala. Etengabe zainduta egotea, konformismoaren eta agintaritzarekiko mendetasunaren iturri egiaztatua da, baita diktadurapean bizi ez denean ere. Gobernuak ziurtatu digunez, COVID-19 kutsatutako pertsonen jarraipenerako aplikazioek bildutako datuak izengabetu egingo dira lehenik, eta ondoren suntsitu. Hala ere, nahikoa da zaintza birtualari buruz hitz egiten duen Edward Snowdenen memorien parte bat irakurtzea, inork ezin duela horrelakorik bermatu ohartzeko. Are gehiago, teknologiaren oraintsuko historiari begiratzeak erakusten du krisialdian sartzen diren gailu askeak ez direla ia inoiz desagertzen: eskala handian, eta Estatuaren egidapean hedatzen badira, jarraipen-aplikazioak finkatu egingo dira, eta oso zaila izango da herritar guztiengana hedatzea eragoztea.
Nahikoa da ADNren bidezko identifikazioan pentsatzea. Frantzian 1990eko hamarkadaren amaieran ezarri zen, sexu-krimen batzuen aurkako erreakzio gisa, eta garai hartako ministroek zioten maila altuko kriminaletara mugatuta egongo zela beti. Gaur egun, Frantzian, manifestazio batean norbait atxilotu dutenean, ADNren bidezko identifikazioa ia automatikoa da. Are gehiago, agian nahikoa izango litzateke oinarrizko puntu bati buruz hausnartzea: ez dugu ideiarik ere zenbat iraungo duen gertaera pandemiko honek, murgildurik gaudelarik martxoaren hasieratik; sei hilabete? hiru urte? gehiago? Gaur, bat-batean, badirudi Txina post-maoista dela gure patua definitzen duena, Sillicon Valley-ren berrikuntzak konplexurik gabe erabiltzeko gai izan dena.
Krisiaren shockaren ostean, pandemiaren ondoko shock ekonomikoa etorriko da, eta hartu beharreko erabaki politikoek, gizateriaren etorkizuna jokatuko den laborategi soziala osatuko dute.
Krisi honetan erabilitako diskurtso belikoaren kasuan, gure kaleen militarizazioa eta okupazio poliziala justifikatzeko balio die; baita zer gizarte eta sistema ekonomiko eta politiko mota eraiki behar dugun ezkutatzeko eta ukatzeko ere. Edo modu sinpleagoan esanda: koronabirusaren aurkako gerra diskurtsoak, iraganeko politika neoliberalak ezkutatzeaz gain, etorkizunean gizarte militarizatuago eta polizialago bat utz diezaguke, non alarma egoerak, de facto, etenda dituen eskubide zibilak berreskuratzea ez baita erraza izango. Eta ikusiko dugu zer gertatzen den autogobernu esparruan.
Agerraldien narratiban agerpen etengabeak eginez, hizkera horrek ezarri zuen gaixotasunaren eztandak kanpoko edo atzerriko agenteak zirela, eta horiek mehatxu nazional bat irudikatzen zutela. Komunikabide nagusietan zein politika publikoen dokumentuetan, mehatxuak aipamen zuzena izan zuen germenen aurkako gerrarako deian.
Baina, gainera, gerra- eta militar- esparru hori amaitutzat eman daiteke birusaren kutsaduraren amaierarekin, baina ez du zalantzan jartzen sistema kapitalista eta patriarkal bat, beste behin ere, ez baita gai izan pairatzen ari garen krisiari aurre egiteko. Ez du laguntzen XXI. mendeko erronkei aurre egiteko behar dugun eredu ekonomiko, politiko eta sozialari buruz une honetan hain beharrezkoa eta agerikoa den eztabaida zabaltzen.
Biztanleria erabat kontrolatzeko bidea izan daiteke norabide autoritarioa. Gizarte militarizatua, non errazagoa izango litzatekeen kontrol soziala, errepresioa eta arrazakeria ezartzea. Gizarte tekno-digital autoritarioa, Txinan eta Asiako beste herrialde batzuetan ezarritako zaintza eta kontrolera hurbilduko gaituena.
Joxe Iriarte Bikila, Errenteria-Orereta