Gutuna: "Gure desioen erregimena, ekoizpena eta eraikuntza"
Bi iturrietatik sortzen dira gure desioak: alde batetik, gure behar biologikoetatik eratorriak —jateko beharra, babes beharra eta maitasun beharra—, eta bestetik nagusi diren kulturetatik eratorriak.
Bizitzeko jateko beharra daukagu, baino behar hori nola betetzen dugun, zer jaten dugun, zenbat eta nola jaten dugun, norekin jaten dugun, zer presarekin jaten dugun eta… nagusi den kulturak ezartzen du.
Babesa behar dugu —animali basatietatik edo besteengandik defenditzeko, euri-jasatik babesteko, leku freskoa sargoria denean, etxe bat garai hotzetan edo beroegietan babesteko…— baina nola, noiz, norekin, zein baldintzatan asetzen dugun behar hori, nagusi den kulturak ezartzen digu.
Sexualitatea behar bat da. Behar pertsonala, eta espeziearena ere bai. Gizadiaren iraupena horren baitan dago eta norberaren garapen osoa ere bai, neurri batean behintzat. Baina nola asetzen den behar hori, noiz, norekin, nola… nagusi diren kulturen arauen arabera egiten da.
Jatea behar bat da. Bizitzeko jan behar da. Baina ez da gure ahotik inolako janaririk sartzen merkatuaren ate estutik pasatu ez denik. Hau da, merkantziak ekoizten dituztenen menpe dago gure elikadura. Hemengo elikagaiak edo hangoak? Zer nolako kalitatekoak? Osasuntsuak edo pozoinduak? Zein kondiziotan ekoiztuak? Naturalak edo transgenikoak? Zenbat denbora pasa dute jaten dugun elikagaiak hotzgailuetan, garraioan? Eta zein preziotan? Zenbat nekazari, baserritar gelditu da miserian agroindustriak (esnea, behiak, txerriak, oiloak…makroindustria krudel eta gupidagabeetan hazitako animaliak, krudelki zainduak eta akabatuak) egindako lehiagatik. Eta guzti honen ondoren, janarien merkatu zabal horretan ez zaitez sartu dirurik ez baduzu. Jateko beharra bai, kabiar eta otarraina eta delicatessenak jateko desioa, izenez eta publizitatez jatetxe ospetsuak eta hara joateko desioa mutur batean, eta beste muturrean gosez edo desnutrizioz hiltzen ari diren milioika pertsonak. Horrelakoak dira Merkatu Sakratuaren hazanak. Haurrei ematen zaizkien litxarreriak ez dira haurren behar bat, baina litxarrerien ekoizleek, publizitatearen bidez eta zaporearen engainuaren bidez, bihurtu dute haurren desioa. Nork sortu du desio hori?
Demagun kotxearena. Kotxea ez da bizitzeko beharrezkoa. Baina publizitatearen bidez (kotxea=askatasuna=ligatzeko egokia= abiaduraren lilura…) eta hirien antolakuntza, merkatuaren globalizazioa, diruaren funtzionamenduaren abiadura erotzailea eta aisialdi zehatz baten bidez, kotxea izateko desioa sorrarazten dute. Gainera desio hori, praktikan, beharra bihurtzen dute lanera joateko, etxeko amona bisitatzera joateko, adiskideekin Pirinioetara joateko, festa areto aurrean luzitzeko…. Baina desioa beharra bihurtzeko, errepideak egin behar dira, garraio publikoa abandonatu, gasolina pilo bat erre eta merke jarri. Eta inor eskapa ez dadin, tori publizitatea uholdeka telebistan, eskukoan, Ralling Dakar, Formula I kotxe karrerak… Estamos rodeados…. Kotxearen abantaila indibidualak (geroz eta gutxiago: oporretan joan kotxean eta 36 ordu kotxe-karabanan pasatu duena bada…) batera doaz larrialdi klimatikoarekin, eta gainera kotxerik gabe nola iritsiko naiz Aberri Eguneko manifestaziora…Edo kopa-finalera, Sevillara, nola joan? Hegazkinez, edo kotxez edo Abiadura Handiko Trenaz? Baina finalaren partidua ikustea ez da behar bat, da pribilegio bat eta luxu bat. Kasua da, bizitzaren baldintza materialak direla (lantokia etxetik urrun, garraio publikorik ez…), publizitate erasokorra dela, askatasunaren ilusioa dela, natura izorratzea eskubide bezala hartzen dugula… kasua da beharrezkoa ez den zerbait erabiltzera behartzen gaituztela eta gainera behar horrek, gure desioaren egituran, leku zentral bat hartzen duela.Sexuaren beharra. Pentsamolde, emozio-arau eta horri dagokion ekintza praktikoen bidez (eta honetan merkatuak pisu nagusia hartzen du: ezkontzako gastu luxuzkoak, bikoteen arteko opari luzituak –kruzero bat edo Hawaii aldera opor erromantikoak, edo harribitxiak oparitzea…) maitasun sistema patriarkal monogamiko heterosexualak bihurtzen du ezkontza-harremanen hierarkia eta asperdura patriarkala, prostituzioaren esplotazioa, eta beti emakumeen umiliazioa eta gizonen harrokeria hutsala.
Hiru kasu aipatu ditut, adibide modura: janaria, kotxearena eta maitasunarena. Baina gure desio guztietara (oporretara joateko beharra-desioa; segurtasunarekin bizitzeko beharra-desioa: zergatik sentitzen dugu segurtasunaren beharra? Noren eskutan dago segurtasuna? Segurtasun enpresa pribatuetan eta Estatuko poliziaren eskutan?) zabaldu daiteke gogoeta hau.
Beharra-desio binomioa, azken batean, pentsamendu-emozioen kolonizazioaren auzia da. Horrela, merkatuaren tirania pean, Estatuaren jainkotze sakrilegoan, bizitza baldintzak behartuta eta faltsukeriaren korifeoren eraginez (zine, telebista, aldizkariak, egunkari gehienak, sare sozialetan zirkulatzen den asko eta asko, espektakulu kulturalak) osatzen dira gure desioak. Guri natural iruditzen zaizkigun desioak karga sozialez beteak daude. Eta naturalak iruditzen zaizkigu gure mundu ikuskera harresi gogor batez itoa dagoelako. George Floyden azken hitzak: “ezin dut arnasa hartu”. Bere egoera eta aldi berean guztion egoera adierazten zuen: merkatuak, estatuak eta korifeoak itota gabiltza. Gure imajinatzeko ahalmen bera daukagu zikiratua. Horrela, negozio pribatua eta agintearen nagusigoa ukituko ez duten desioak sorrarazten dituzte. Beharrak asetzeko modu zurrun bat eskaintzen dute eta saiatzen dira hori desio bihurtzen. Beharraren premia manipulatuz sorrarazten dute beren negoziorako eta beren agintea mantentzeko beharrezkoak diren desioak.
Sistemak proposatzen dizkigun desioak eta horiek betetzeko moduak, egozentrikoak, naziozentrikoak, antropozentrikoak dira eta hirurak prebalentzia patriarkalarekin.
Hiru ideia nagusi, nire burua kokatzen laguntzen didatenak: Eskubideak ditugu… baita obligazioak ere. Bidaiatzeko eskubidea dugu… eta natura ez kutsatzeko obligazioa. Jateko eskubidea dugu baina zaborra ahal den gutxiena sortzeko obligazioa, eta sortzen duguna birziklatzeko obligazioa. Bizitza babesteko eskubidea dugu baina bizitza kaltetzen duten segurtasun eta kontrol formak ekiditeko obligazioa. (Gogoan izan George Floyd-en kasua: segurtasuna bermatu behar zuten poliziek miserableki itoz bizitza kendu zioten). Nork kontrolatzen ditu segurtasun indarrak? Gure obligazioa da, ere. Sexualitate askea izateko eskubidea dugu… eta sexu-dominazioaren aurka borrokatzeko obligazioa: emakumeen kontrako bortxakeria eta indarkeria mota guztiak suntsitzeko obligazioa.
Bigarrena. Gizadiko pertsona guztientzat zabaldu ezin daitekeena pribilegioa da, eta ez da eskubidea. Horrela entzun nion Yayo Herrero-ri eta bueltak eman dizkiot ideia funtsezko honi. Kruzero bat egitea, Arzak-en afaltzea, kotxea izatea, modako azken playstation erostea, hegazkinean oporretara joateko ibiltzea, ez da eskubidea, pribilegioa da. Bi-hiru-lau etxe izatea, oporretarako La Manga del Mar Menor-en pisutxo bat edukitzea, ez da eskubidea, pribilegioa da. Zer esanik ez, 1.000 etxe edo izatea ez da dirudun-listoaren eskubidea (nahi dudana egitea nire diruarekin ere…) ez da eskubidea, pribilegioa da. Pribilegioan (eta askoren miserian) oinarritutako gizartean bizi gara. Jakin dezagun behintzat, pribilegiodunak garela gauza askotan. Eta gero, bakoitzak erabaki dezala zer nolako gizartea eraiki nahi duen.
Hirugarrena. Beharra gauza bat da eta desioa beste bat. Lana egitea behar bat da, besteen lanaren kontura bizitzea, esplotatzailea izatea da. Eta horrela enpresa diru-aldetik arrakastatsua sortzeko desioa, kalamitate bat da. Sortzaile izatea (arte munduan, ekoizpen munduan, politikan, zientzian, lagunen harremanetan, korutan, bizitzaren eremu guztietan sortzaile izatea) behar bat da, bizitza duinak hori behar du, baina horren gain eraikitzen dan famaren aldareetan (eta dirudunen munduan) leku bat izateko geure burua saltzeko disposizioarekin (gogoan izan Me Too kanpaina), besteei zapaltzeko onarpenarekin behar hori bihurtzen da desio pozoitsua.
Ilargira joateko desioa pribilegio baten desio eroa da, eta zapuzten du Lurra zaintzeko obligazioa, eta mespretxatzen du munduan miserian bizi direnak. Gaur egun dirua behar dugu bizi ahal izateko, merkatuaren atzaparretan atrapatuak baikaude, baina aberatsa izateko desioa desio pozoitsua da, hilgarria.
Antzeko gogoetak gara ditzake bakoitzak kontsumoko edozein gaiarekin. Gure desioak nondik datozen, zein interesatuek sustatzen duten, zer-nolako errealitate-gauzapen faltsua izan ditzaketen aztertzea mereziko luke. Kultura behar dugu, bai. Baina kulturaren produkzioak (Hollywood-etik hasita, unibertsitateen pribatizazioarekin segi, telebisten monopolioarekin jarraitu eta informatikaren erraldoiekin amaitu) pozoiez betetako mezuak igortzen dituzte eta zorigaitzez betetako desioak elikatzen dituzte.
Oro har, hauek dira ekoizpen orokor horren oinarriak: Lurraren mespretxua, emakumeen dominazioa, pobreen desprezioa, teknikaren idolatria eta boterearen gurtza, eta kapitalaren pilaketaren gorespena. Eskuko telefonoak, etxeak, kruzeroak, oporrak, denboraren kontrola, kotxe elektrikoak, energia berriztagarriak, espazioaren kontrola, kartzela… Kartzela behar bat al da? Norentzat da beharra. Nork behar du ETAko presoak kartzelan egotea? Nork desio du horiek kartzelan egotea? Zergatik? Pentsatzeko gaia interesgarria.