Gutuna: 'Gero arte, Jabi'
Honakoa da Ikerne Zarate Gartziarenak HITZAra bidali duen gutuna.
Kolpearen gainean, beste kolpea, betirako urratutako bihotzean, beste zauri bat. Zu ere joan zara, Jabi… Zuri ere hitzez egin nahi dizut agurra; zor dizut, eta badakit esango didazula egindakoa bihotzez egin duzula, ordainik espero gabe, ezeren truk… Baina zure izaera zoragarria, zure bihotz handia, zure zintzotasuna, zure borrokarako grina, zureenganako maitasuna lehen lerrora ekarri behar ditut.
Hamasei urte nituela izan nuen zu ezagutzeko aukera, koinatu izan aurretik, lagun izan zintudalako, eta ez dakizu zein harro nagoen zutaz, Ja. Beno bai, badakizu, esan dizudalako, askotan, maite zaitugula esan dizugun moduan, eta beti ondoan izana, onean baina batez ere zailean eskertu dizugun moduan. Eta eskerrak esan dizugun, ongi ikasia dudalako une labur bat baino ez dela behar bizitza hankaz gora jarri eta dena aldatzeko, egunik argitsuena gaurik ilunena bihurtzeko.
Ez zaizu bizitza erraza egokitu, halakorik merezi ez bazenuen ere, bihotz handia duzulako, handiegia. Hamasei urte eman dituzu, eta batez ere azken seiak, borroka bizian, nekaezin, duin, gogor, eredugarri aurrera egiteko, eta beti, zailenean, argi izpi bat, itxaropena, borrokatzen segitzeko hamaika arrazoi aurkitu dituzu; handiena, Liher, zure izarra, zure iparrorratza, zure motorea. Beldur zinen hazten ikusteko aukerarik izango ez zenuela, eta maitasun mugagabe horri lotuta borrokatu zara seme eredugarria hezteko. Irune, bera ere, borrokalari nekaezina, bidelagun ezin hobea elkarrekin josi duzuen hiru hamarkadako bide ederrean. Zenbat maitasun daramazun zurekin, Ja, zenbat miresmen, zenbat une eder… eta zenbat utziko dituzun hemen maite zaitugunen artean.
Eredugarri zara, gogorrenean beti izan duzu irrifar bat, beti esan duzu aurrera egin beharra dagoela, eta hala jokatu duzu indar biziz borrokatuz, nekaezin azken gudara arte. Bizitza laburra izan duzu, baina zein gogorekin xurgatu duzun une bakoitza… Izan ere, une txiki bakoitzaren balio itzelari neurria aspaldian hartu baitzenion.
Zu ezagutzeko aukera izan dugunok, bihotz erraldoi bat izan dugu parean, pertsona zintzoa muturreraino, zuzena, indartsua. Amore ematen ez dutenetakoa, zailtasunak irriz margotzen dituenetakoa, une bakoitza zukutzen dutenetakoa azkena bailitzan. Itzurunek eta Garaik ikaragarri maite zaituzte. Osaba paregabea izan dute, izan zezaketen onena, eta ziur izan zaitezke ez dutela ahaztuko zurekin emandako tarte bakoitza, barreak, bidaiak, mendi bueltak… Itzela izan zara beraiekin.
Hain maitea zenuen Aiako Harriari begira izango zara orain, Pikoketa edo Aritxulegiko paretan gora eskalatzen, edo esku artean mapa piloa, bidaia berri bat antolatzen begietan islatzen zitzaizun ilusioa zipriztintzen bazterretan. Ziur naiz, Patxik eta Axik gustura lagunduko dizutela batean zein bestean. Hiru izar distiratsu eder, handi, maite. Hiru bihotz handi. Zaudenean zaudela bidaia on Ja, zoaz aske, zoaz goxo, arin, zure bizitza labur baina intentsoan erein duzun maitasun erraldoia soinean duzula.
Lurra arin bekizula. Maite zaitugu.
Ikerne Zarate Gartziarena. Orereta.