Gutuna: "Jabetza mugen auzian, irregulartasunak"
Patxi Azpiazu, Zamalbide-Aldura auzoko bizilaguna naiz, eta lerro hauen bidez, Errenteriako Udalak jabetza mugak zehazteko gatazka batean egindako jarduera irregular larriak publiko egin nahi ditut. Udalak, inolako justifikazio dokumentalik gabe, bi jabetza bereizten zituen mugarria lekuz aldatu du, eta kalte handiak eragin eta babesgabetasunean utzi nau. Udal lurzorutik eroritako zuhaitz batek nire jabetzan kalte materialak eragin eta kalte-ordaina eskatu arren, gatazka ebaztea etengabe
oztopatu du gainera.
2023ko urrian—urtebete joan da— Arartekoak egoera honen berri izan ondoren, kasu hauetan nola jardun behar den azaltzen zuen txosten zehatza udalari bidali bazion ere, azken horrek Arartekoak esandakoa sistematikoki urratu du. Gainera, lur eremu mugakidearen jabetza eskritura aurkezterik ez du izanu, eskritura hori idatziz eskatu baitzen muga horren deskribapena egiaztatzeko eta gure eskriturarekin alderatzeko; horrek diligentzia eta profesionaltasun eza larria erakusten du.
Gatazka modu adiskidetsuan eta bide legalak jarraituz ebazteko saiakera egin dut, baina udalaren erantzunak hisikorrak izan dira, eta atzerapen handiarekin eginak izan dira. Egoera honen aurrean, herritar gisa ditudan eskubideak bermatzeko, erantzukizunak ikertu, eta beharrezko neurriak har daitezen salaketa publikoa da eskura dudan bitarteko bakarra.
Egoera honek estres handia eragin dit eta nire bizitza kalitatea kaltetu du. Kasu hau ikusarazi eta irtenbide justu bat eskatzeko
komunikabideetara jo behar izan dut.
Idatzian irregulartasunak aipatu ditut, eta ondokoak dira horietako batzuk. 2021ean mugarria legez kanpo mugitzea. Udalak nire jabetzaren muga arbitrarioki aldatu du inolako oinarririk gabe. Beste bat litzateke, Arartekoaren jarraibideak betetzeari uko egitea: Udalak ez du mugaren zehaztapenerako prozedurarik hasi ezta mugakideei jakinarazi ere, hori egitea beharrezkoa bada ere. Jabetza eskritura ere galdua du udalak, bestalde. Udal administrazioak lur eremu mugakidearen jabetza eskritura ez du aurkitzen, eta horrek, udal ondareen kudeaketa zalantzan jarri du.
Eskatutako kalte ordaina ere, arrazoirik gabe ukatu dit, zinpeko lekukoen testigantzak izan badira ere.
Hori horrela, aipatu irregulartasunak iker daitezen eskatzen dut, egindako kalteen ordaina ematearekin batera. Nire jabetzaren muga jatorrera berrezartzea; galdutako jabetza eskritura aurkitzea; udal dokumentazioaren zaintzaren egokitasuna bermatzeko neurriak hartzea; eta udal funtzionarioen erantzukizunak ikertzea ere eskatu nahi ditut, halaber.
Patxi Azpiazu, Zamalbide-Aldurako bizilaguna