Gutuna: "Osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde"
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak gutuna bidali du HITZAra, Iztietako anbulatorioaren egoeraren gainean nahiz larunbatean izan zen manifestazioaz gogoeta egiteko. Jarraian, gutuna oso osorik:
Osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde
Joan den larunbatean gure herrian egin zen manifestazio jendetsuan egon zenak ez ditu berehalakoan ahaztuko ez egun hartako irudiak, ezta aldarrien oihartzunak ere. Izan ere, 2.000 lagunek baino gehiagok ozen eta argi adierazi genuen, oso kezkatuta gaudela Iztietako anbulatorioan lehen arretarekin gertatzen ari denarekin, baita Etengabeko Arreta Gune gisa anbulategia eskaintzen ari den arretarekin ere. Iztietako arretak nabarmen egin du okerrera eta han gertatzen ari dena ez da kasu bakana, oro har, Osakidetzan gertatzen ari denaren isla baizik.
Zalantzarik gabe, bizimodu duina bermatzeko oinarrizkoa dena kolokan ikusten duenean antolatzeko eta borrokatzeko gai den herria da gurea. Udalerri bidezkoa eta duina izateko ezinbestekoa dena — kalitatezko osasun-arreta publiko eta unibertsala— zalantzan jarri denean mobilizatzeko gai dena. Duela urtebete Beraungo anbulatorioan ere antzeko egoera bizi izan genuenean herritarrak ez ziren geldi egon. Eta egoera hobetu zen arte, mobilizazio horien sustatzaileek ez zioten mobilizazioak egiteari utzi. Onartezinak zaizkigun errealitateak aldatzeko eskura dituen baliabideak erabiltzen dituen herria baita gurea. Izan mobilizazioak, izan pankartak, izan hedabideak. Juan Carlos Merino alkate ohiak berriki hedabide batean argitaratu duen gutuna, osoki partekatzen dudana, ere bada ezinegon eta ekimen kolektiboaren beste adibide garbia.
Eta harro nago konformatzen ez den herria delako gurea: bidezkoak ez diren egoerak gertatzen direnean, gure bizimodua prekarizatzen ikusten dugunean, desberdintasunak areagotuko dituzten errealitateen lekuko garenean, planto egin eta antolatzeko gai den herria delako gurea. Orain arte gure ziurtasunik eta harrotasunik handienetakoa izan dena —osasun-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa— gure begien aurrean eta gure gorputzen gordintasunean deseraikitzen nola ari den ikusita «aski da» esateko gai den herria delako gurea.
Izan ere, funtsezkoa da gaixotasunak edo ondoezak eragindako ziurgabetasuna sentitzen dugunean osasun sistemak erantzun ziurra emango digula jakitea. Hori bizi izan dugu hamarkadetan zehar, eta ziurgabetasunak inoiz baino handiagoak diren garaiotan ezin diogu uko egin orain arte izan dugun eta hain garrantzitsua den ziurtasun horri. Gaixotasunak eragindako kezkari sistemak emango digun erantzunari buruzko kezka gehitu behar izateak nabarmen okertzen ditu gure bizitzak, baita gure eta datozen belaunaldien etorkizunarekiko konfiantza ere.
Larunbateko manifestazioan, antolatzaileek —auzo elkarteek, Duintasuna elkarteak eta herriko mugimendu feministak— argi utzi zuten beren borroka ez dutela etengo. Eta, adierazi zuten, protesta eta mobilizazioen bidea bezainbeste jorratuko dutela bide instituzionala, udala eta ni neroni, alkate gisa, interpelatuz.
Zalantzarik gabe, nire egiten dut herritarrek kalean adierazitako kezka eta, udalerri honetako erakunde-ordezkari gorena naizen aldetik, nire egiten dut Sagardui sailburuari eta Eusko Jaurlaritzari Iztietako anbulatorioaren zerbitzua berrezartzeko eskaera egiteko ardura. Duela urtebete ere, Beraungo anbulatorioaren egoera zela eta, bilera eskatu nion sailburuari eta bilera horrek balio izan zuen, bai anbulatorioaren inguruko gure kezka azaltzeko eta konponbideak eskatzeko, baita kalean mobilizazioak antolatzen ari zirenen kemena helarazteko ere. Orduan bizi izandako egoerarekiko antzekoa den egoera baten aurrean gauden neurrian — larriagoa ere izan daitekeena Iztietako anbulatorioak eskualdean jokatzen duen funtzioarengatik— bilera eskatuko diot berriz ere sailburuari. Herritarren mandatua delako eta nire betebehartzat hartzen dudalako herritarrentzako ziurtasunak eraikitzen laguntzea: herritarron bizitzarako eta ongizaterako oinarrizkoena dena babestea.
Konponbideak erabateko lehentasuna duelako, egoera lehentasunez konpon dadin eskatuko dugu, bai erakunde-arteko harremanetan, baita antolatuko diren mobilizazioekin bat eginez ere. Herritarrak babesteko ezinbestekoa baita gure osasun-sistema defendatzea. Publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan behar duen gure osasun-sistema defendatzea.
Aizpea Otaegi Mitxelena. Errenteriako alkatea.