Gutuna: "Pankartak eta giza eskubideak. Ongi etorri Zigor!
Zigorra osotasunean bete ostean aske utzi dute Zigor Garro. Joan den azarorik baldintzapeko askatasunean zegoen oreretarra Hendaian bizitzen eta lanean, eta joan den larunbatean amaitu zuen zigorra. Asteartean Frantziako Polizia Nazionalak Hendaian duen komisariatik pasa eta Espainiako Poliziaren esku utzi zuten Garro mugan. Azken horiek aske utzi zuten oreretarra, Hendaiara itzultzeko debekuarekin. Asteartean bertan iritsi zen bere herrira Garro.
Komunikabideetara helarazitako prentsa ohar batean, gogor salatu zuen PSE-EEk Zumardian Garrori ongi etorria emateko jarri zuten pankarta: “Biktimen memoria kaltetu eta giza eskubideen aurkako ekintza” dela esan zuen PSE-EEk prentsa ohar horretan, eta pankarta bertatik kentzeko eskatu.
Gertaera horren harira, hausnarketa egin du gutun honetan Oroitz Gurrutxaga Gogortza oreretarrak.
“Zigor etorri zaigu! Hau poza!” Dirudienez herri normalizatu, demokratiko eta pazifikatu honetan hau adieraztea, giza eskubideen aurkakoa da. Ez diot nik, noski! Hau Oreretako PSE-k esan du prentsa ohar batean, Zumardian azaldutako pankarta batean Zigorri ongi etorria dela esategatik. Badirudi entzun nahi ez dutena entzuteak, afera giza eskubideen kategoriara eramaten duela. “España es una democracia” entzuten dugu azken 40 urteotan. Egia al da? Herri honek Estatu batean antolatzeko duen aukera bide guztietatik —armekin ere bai, PSEko jaun eta andereak— oztopatzen denean. Askatasuna kontzeptu gisa ere etengabe kolokan jarri behar den utopia dugu.
Baina, pankarta hori jartzea giza sskubideen aurkakoa omen da. Nik, ez dut ezagutza handirik legeez, ezta orokorrean, paper gainean jartzen dizkiguten eskubide eta betebeharrez ere. Ez ditut ezagutzen, guztia arautu behar horrek ere atzera ere eragiten didalako, baina uste dut, gehiegizkoa dela hau entzutea. Gehiegizkoa da PSE alderditik, hormigoizko muturra duten itxurakeria, gezur eta manipulazioaren profesionalek, etengabe esaten dituztenak isil isilik eta otzan onartzea. Salagarria.
Zigorrekin duela urte asko hitz egin nuen azkeneko aldiz. Oker ez banago, 2012ko ekainean izango zen, espetxeratu berritan, Fresnesko espetxeko zigor ziegetan, elkar ikusi ezinik, baina ziegatik ziegara oihukatuz. Ideia zurrunbiloak datozkit burura. Berak bazeramazkien etxetik kanpo 15 bat urte. Beti gogoratzen du Fresnestik pasa denak II. Mundu Gerran erresistentzia sutsuan ibilitako zenbaten azken helmuga izan zen benetako zulo zikin hori… Biok, beste kide askorekin, —goraintziak denei! — zigor ziegetan geunden, espreski, Fresnesko zuzendaritzak ni gainerako euskal presoetatik bakartzeko egindako hautuari ezetz esateko —berriz ere mila esker guztioi!—, kideok elkartasunez, guztiok batera egindako borroka ahaleginean: baten aurka joz gero, elkartasunezko borroka kolektiboa. Han hitz egin genuen gauza askotaz. Gertukoak ere galdu genituen biok, eta memoria ariketa ere egin genuen ziurrenik. Gerra Txikia liburua irakurri duenak badaki hedabideetan hegemonikoa bihurtu nahi duten egia ez dela gurea.
Gatazkaren parte naiz. Izan naiz eta naiz, gatazka ez baita amaitu. Izateko eskubiderik ez duela norbaiti esaten zaionean, gatazkaren oinarria ezarria dago. Eta izateko eskubidea ukatua izan zaion horri, modu ezberdinez zapaltzeko bideak daudenean, gatazkan gutxi gehiago sakontzen joango gara.
Herri honetan horri buruz gogoetak eta hausnarketak egin dituzte hamarnaka eragilek. Eragile politiko, kultural, sozial, instituzional… tartean, ETA-k ere bai.
Gatazka historikoaren azken fase hau gordina izan denik ez dugu guk ukatuko. Noski, ziurrenik gatazkaren gordintasuna beste bat litzateke ETA existitu izan ez balitz, batzuentzat behintzat noski. Horrek ez du esan nahi gatazkarik egongo ez litzatekeenik. Ziur esatera ausartuko naizen gauza bakarra da, egoera guztiz ezberdina biziko genukeela orainaldian, zein litzatekeen asmatzera ausartu gabe. Bakoitzak jar ditzala hipotesiak mahai gainean, gaur egun Euskal Herria zer eta nolakoa izango litzatekeen, ETA izan ez balitz —eta gainerako era guztietako borrokak, gutxietsi gabe—.
Berriro biktimizatzen omen ditu biktimak pankarta horrek. Min egingo diela ETA-k exekutatutako norbaiten senideei, euskal preso politikoek senide, lagun eta maite duten jende ugari, asko izatea, eta hori adieraztea?. Nik ulertzen dut. Gu gauza askok mintzen gaituzte, askok.
Guk ere galdu ditugu senideak gatazkan. Urteak galdu ditugu kartzeletan, bidaietan… Urteak gure instituzioek gure hizkuntzan hitz egin diezagutela eskatzeko borroketan. Urteak gure eskubideak defendatzen, gauza asko alde batera utzita. Guk gure hildakoak ezin ditugu kalean aipatu ere egin, zuei min egiten dizuelako. Zuek zuenak aurpegien aurretik etengabe pasarazten dizkiguzuenean komunikabideen kobertura osoaz.
Gatazka honetan, ardurak guztiok ditugu. Guk gureak. Onartuak. Une oro. Eta gatazka gainditzeko eskaintzak guk egin ditugu urte askotan. Bat bestearen atzetik. Urgentzia beti guk izan dugu gatazka gainditzen. Zeren, gatazkaren gordintasuna ekuaziotik aterako bagenu, arazoa gure da, zuek gatazkarik dagoenik ukatzen duzuelako.
Pankarta gehiago ikusi nahi ez badituzue, askatu behingoz bahituta dauzkazuen gure kide guztiak, zuek zarete eta Fresnesen erresistentzia gatibutzen zuten haien oinordekoak.
Beraz, jarrai ezazue biktima paperean, gure senideak torturatzen. Jarrai ezazue biktima paperean, gatazka ukatzen. Jarrai ezazue biktima paperean, izaterik ez dugula berresten. Jarrai ezazue biktima moduan, gorpuak zabor artean eta langileak miserian lurperatzen. Jarrai ezazue biktima moduan gure senideak, bizirik daudenak eta hilik daudenak, etengabe zuen hiztegi demokratiko nazkagarriaz iraintzen!
Biktima bakarra, Euskal Herria da. Soluzioa: Askatasuna!
Ongi etorri Zigor!
Oroitz Gurrutxaga Gogortza, Orereta.