Gutuna: "Pasaia-Lezo Lizeoari zorionak!"
Agustina Pontesta Garmendia lezoarrak gutuna bidali du HITZAra, aurten Pasaia-Lezo Lizeoak 50 urte beteko dituelako. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak.
Pasaia-Lezo Lizeoak aurten 50 urte betetzear dituela eta hona nire zorion-agurra.
Ongi oroitzen ditut 1975ko irailean hasiera eman zitzaion ikasturte berri hari, batik bat, Lizeoa izango zen eraikinera sartu gineneko pozez beteriko egun haiek. Bertako sarbidea oraindik bukatzear zegoen, azken ukituak emateke zeuden eta euria egiten zuenean mendiko botak ezinbestekoak izaten ziren hainbeste lokatzen artean ibili ahal izateko.
Pasaia-Lezo Lizeoa izango zen eraikin berria, Pasaiako barrutietako (Antxo, Donibane, San Pedro eta Trintxerpe) ikastolek eta Lezoko Ikastolak osatzen zuen. Aldaketa izugarria izan zen, ordura arteko ikastola txikietatik gindoazenok ohituta baikeunden irakasle eta ikasle kopuru txikietara eta aurrerantzean irakasle eta ikasle kopuru handietara ohitu beharko genuen. Baina berehala bat egin genuen denak nahastuz, proiektu handiago batean bilakatuz. Oso egokitzat jotzen genuen, aberasgarria izateaz gain, ezinbesteko egitasmoa izango zelako ikastola txikien iraupenerako.
Baina dena ez da izan arrosa bidean, egoera lazgarriak ere bizi behar izan ditu tamalez, hala nola, Euskal Eskola Publikoaren Legeak eskaintzen zuen publifikazioaren aurrean (ikastetxe pribatu ala kontzertatu gisa jarraitzea, edo behin betiko sare publikoan sartzea) eta mehatxu guztiei aurre eginez, erabaki irmoa hartu behar izan zuenekoa, hau da, Ikastolek betidanik finkatutako nortasun-ezaugarriei eutsiko zien erakunde paralelo baten alde eginez, bai guraso eta baita irakasleek ere guztiok batera.
Mehatxuak mehatxu, hasierako egitasmo zen hark oraindik bizirik jarraitzen du, eta aurten 50 urte betetzen ditu herriaren zerbitzura lanean, hots, zerbait funtsezkorik baldin bada horixe hezkuntza delako, ezinbesteko elementua Euskal Herriaren eraikuntzan. Beste hainbeste urte luze opa dizkiot, gutxienez Pasaia-Lezo Lizeoari.
Eta esker mila Ikastolen proiektu hau aurrera ateratzeko lanean murgilduta dabilen orori, izan guraso-irakasle-ikasle eta herritar guztioi, denon inplikaziorik gabe ezinezkoa zatekeelako. Biba Ikastolak eta eutsi erasoei!
Agustina Pontesta Garmendia. Lezoko ikastolako eta Pasaia-Lezo Lizeoko andereño ohia.
