Gutuna: "Urriaren 8an bertan izan ginen, urtarrilaren 7an ere bertan izango gara!"
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu eta zorionak! Zorionak Pasaia. Batetik, urte guzti
hauetan euskal presoen euskal herriratzea egi bihurtzen hasi dadin egindako lan guztiagatik, eta
bestetik, Sarek antolatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeagatik. Zuei esker iritsi gara
honaino.
Urriaren 8an Donostian, milaka eta milaka herritar batu ginen Izan Bidea dinamikaren baitako
azken kilometroak osatu eta eginiko bideak ekarritako lorpenak balioan jartzeko. Pasaitik ere,
dozenaka lagun gerturatu ginen lehenik Donostiako kaleak koloreztatzera eta ondoren Ilunbeko
jaialdira. Aldarria eta festa batuz, bultzada itzela eman genion guztion artean aurrera begira
egiteke dugun bideari.
Orain, erronka berri baten aurrean gaude! Urriaren 8an bildutako indarrak hartu eta urtarrilaren
7ra begira jarriak gara. Izan ere, urte garrantzitsu baten hasieran kokatzen da aurtengo urtarrileko
mobilizazioa; euskal presoen gehiengo zabala Euskal Herrian delarik amaituko dugu urtea.Egoera berri honek, poza sorrarazten digu eta baita, herri aktibazioaren eta kale aldarrikapenaren
garrantzia eta balioa erakutsi ere. Horregatik, eta oraindik bidea egiteke geratzen zaigulako,
urtarrilaren 7an Bilbon izatera gonbidatu nahi ditugu Pasaiako herritar guztiak.
Bi urteren ostean, aurten berriro ere Bilbon elkartuko gara guztiok, oraindik ere bidea baitugu
egiteke. Euskal herriratzeak urrats garrantzitsua izan arren, euskal presoek oraindik ere etxeratze
prozesua gauzatzeko traba eta oztopo ugari jasaten dituzte salbuespen legediaren ondorioz.
Horren adibide dira gradu progresioen aurrean fiskaltza eta Audientzia Nazionala izaten ari diren
jarrera atzerakoia. Hori hala, lanean jarraitzeko beharra ezinbestekoa dela uste dugu, euskal
presoek ere dagokien etxeratze prozesua normaltasunez gauzatzeko unea baita.
Erronka berri honi guztiok batera ekin nahi diogu eta Pasaian ere horretarako lanean jarraituko
dugu datozen aste eta hilabeteetan. Gutun honen bitartez, Pasaitar guztioi gurekin bat egin eta
herrian antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu, eta, nola ez, urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzeko gonbita luzatu.
Milesker eta zorionak!
Irati Laboa. Donibaneko Sare.