Gutuna: "Jone Forcadari"
Agustina Pontesta Garmendia lezoarrak honako gutuna bidali du HITZAra, hil berri den Jone Forcadaren omenezkoa. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
Kaixo Jone,
Zein zaila den adiskide batez mintzatzea eta batez ere berarekin zordun garenean. Zeinen handia izan zaren Jone!. Bizitza osoan etengabeko militantzian. Inor “aktibista” izan bada zeu izan zara azkenera arte. Injustizia non Jone beti han.
Anonimotasunean pasatzea maite zenuen, jendartean ibiltzea nahiago izaten baitzenuen, baina askotan ezinezkoa izaten zen. Oso gogoan dut Jose Luis zendu zenean eta zuri zegokizunean haren aipamen-sari edo dena delakoak jasotzea, batzuetan nola ahalegintzen zinen ezkutatzen jendartean burumakur lotsaturik, eta bestetan, zure esker oneko hitzak ez ziren nola nahikoak izaten hala fede!bihotzetik jaurtiak, hunkigarriak bezain bikainak.
Horregatik diot oraingoan ere, biziki haserretuko zinatekeela egun hauetan komunikabideetan zuri buruzko mezuak irakurritakoan, baina zu izan zaren bezalakoa emakumeak merezi du, eta nik ere zerbait esan eta eskertu nahi dizut era berean, egindako eta irakatsitako guztiagatik.
Lehenik eta behin Jose Luisen borroka-kide izanez eta gero, zure etxeko euskaltzaletasunak bultzaturik, Donostiako Ikastolako sortzaileetakoa eta lehenengo andereñoetakoa izan zinen. Hor murgildu zinen Hendaiako ikastola sortzen eta bertan lanean, Seaskan,… euskal irakaskuntzan. Gero etorriko ziren euskalgintzako beste hainbat borroka gune, esate baterako, UEUren sorreran; EHEren sorreran..; Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartean euskarazko klaseak ematen Mintzalagunen taldean (ongi oroitzen naiz zure talde batekin Nafarroako Izaban elkarrekin pasa genituen egun haiek…adib.); Beti, orduan hasitako bideari eutsi diozu, euskara irakasten jarraitu baituzu orain arte, etxetik ateratzeko zailtasunak zenituenean ere, teknologia berriez baliatuz. Beti prest! Hori da indarra eta kemena zurea!
Bestalde, Herri honen aurkako injustiziarekiko borroka guztietan murgiltzen zinen buru belarri eta jasanezina zitzaizun Epaileek euskararekiko hartutako erabaki ororen aurka altxatu eta protesta guztietan hantxe azalduko zinen, edo Ekologiarekiko zerikusia zutenetan, AHTaren aurkakoetan;Emakumeen aldeko aldarrikapenetan; Heriotza duinaren aldeko borroketan; eta azken aldiotan Palestinaren aldeko protestetan, hitz batez, herriaren aurka doan zernahi injustiziaren aldeko ekimen guztietan parte hartuz.
Bizitza luzea bezain oparoa eta emankorra izan duzu, pentsatzen zenuenarekin kontsekuente izanik eta azkenean mundu honetako bidaia zuk nahi bezala duintasunez bukatuz. Beraz, oraingoan iritsi zaizu partitzeko tenorea. Har ezazu merezitako atsedena bakean eta lasai.Mila esker ANDEREÑO! irakatsitako guztiagatik eta zure bizitzako azken egunetan ere zu agurtzeko ohorea eman didazulako. Muxu handi bat zauden tokira. Biba zu!
Maitasunez, Lezotik Agustina Pontesta Garmendia.
