Aurka
Duela zenbait hilabete irakurri nion Ane Labakari berez ez zuela ezer ziklisten aurka. Niri horixe bera gertatzen zait itzultzaileekin. Berez ez daukat ezer itzultzaileen aurka. Beraz, hark esanak hala moduz oroituz, berez aurreko esaldiak ez luke berez hitza bere baitan eduki beharko. Are gehiago, maite ditut ikusezintasunean inurrien antzera elkarlanean eta erruz lan egiten duten pertsona horiek. Besteak beste, ezinbesteko direlako euskararen normalizazio prozesuan, euskaratik nahiz euskarara hitzak etengabe ekarrita loratuz hizkuntza.
Alabaina, Isabel Etxeberria itzultzaile eta irakasle maitagarriak honakoa idatzi zuen iazko Senez aldizkarian: «Itzultzaileona lanbide feminizatua omen da». Beste hainbat ogibide gisan, zaintza lanek baimendutako desorduetan egiten baita, egilearen itzalean eta etxeko apaltasunean, maiz aritzailearen izengabetasuna dela nagusi. Arrazoi horiek medio, ez da zaila pentsatzea emakume andana bideratu izan dela beti lanbide horretara.
Barruko kezka eta harra hiltzeko plazera izan nuen iaz, historian zehar 1970eko hamarkadara arte literatura euskaratutako emakumeen genealogia osatzekoa, hain zuzen ere. Aurrez esandakoa kontuan hartuta, askok pentsa lezakete emakume itzultzaile ugari topatuko genituela, baina, dozena erdi besterik ez ziren izan: Bizenta Antonia Mogel Elgezabal, Julene Azpeitia Gomez, Robustiana Mujika Egaña, Maria Dolores Agirre Aizpuru, Miren Etxabe Aldai eta Maritxu Urreta Zulaika. Makina bat ezkutuan edota aitortzarik gabe aritu diren seinale, beraz.
Itzultzailetzat hartutako gehienak izan dira abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren inguruan batutako idazleak eta irakasleak, etxean itzultzen jardun ahal izateak emakumeei egotzitako zaintza eta irakaskuntza ahalbidetu dienak. Plazer hutsagatik eta helburu politikoak bultzatuta euskaratu zituzten zenbait lan, ipuin, poema eta antzerki, diru-saririk jasotzeko esperantzarik gabe, noski. Finean, itzultzaile izatearen kontzientziarik gabe, eta emakumeen arteko batasunik gabe, haien gustuen arabera eta erdi kasualitatez zenbait testu solte euskarara ekarri zituzten sei andre ausart izan ziren. Haien izena eta izana, ordea, nekez topa dezakegu inon.
Berez ez daukat ezer itzultzaileen aurka. Bai, ordea, emakume haiek ikusezin bihurtu izan dituztenen kontra, literatur kanonaren aitzi. Itzultzaileengan ez ezik, andrazko ugarirengan ez baita jarri arreta. Guri dagokigu, beraz, urte luzez ezkutatutakoa argitara ekartzea. Horrek erantzungo luke duela aste gutxiko zenbakian Urtzi Urkizu Adrianek galdegin zidana: «Irakurriko al ditugu lezoarren olerkiak Zeorri!-n?». Kosta ahala kosta ahaleginduko gara herriko emakumeen poemak, bertsoak, hitzak zein ahotsak paperera ekartzen. Egungo emakumeek ere urratu beharko dituzte ahotsak eta paperak, hartara etorkizunekoek haien berri jasotzen segi dezaten.
Ez dadila haria eten.