Mahaiaren jiran
Atzo arratsaldean, etxea apaintzen ari nintzela, kausitu nituen hautsez betetako gabon-kanten liburuxkak, urtean behin tiraderatik ateratzeko sasoi hura ailegatu zaiela aldarrikatu asmoz edo. Eskuan hartu, eta malko bi masailetan behera. Ospakizunetan abestu ohi duen familia izan da gurea, Urtezahar-gauean koplak, nahitaez. Akorduan dut izebak eta biok duela hamabost urte idatzi genituela eskuartean ditudanak. Ikasi dugu geroztik, desikasi ere bai dezente. Baserriko sukaldeko mahaiaren bueltan eseri ohi ginen garai hartan, erdian jarrita bisigu errea eta osabak hartutako onddoak.
Aurten, ordea, nahigabea izan da gurean, eta hiru gutxiago izango gara mahaiaren jiran. Hiru gutxiago. Nahita ere ezin gauden urte hau gogoratu, eta haien omenez abestuko dugu, beraz, Urtezahar-gauean. Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, ez baita gure iraultza!
Dios te salve, ongi etorri
Gabon Jainkoak diela,
legiarekin kunpli dezagun
urte berriren bezpera.
Lehen hilketa matxista
urtarrilean hasita
ta hala ere askok jarraitzen
dute begiak itxita.
Otsailean ia suzko
bihurtu zen Bidasoa
zeinen handia eta hauskorra
izan daitekeen basoa.
Erdieroale krisi
martxoan ezin iritsi
Zubietako errauste planta
kasik zuten kexuz itxi.
Aurten gehiegi murriztu
dizkigute maskaradak
eta gainera jantzi ditugu
FFP2 maskarak.
Murgiltzearen kontra jo
udaberrian Frantziak
Donostiako metro zuloak
artesi ebidentziak.
Urte erdian jaio zen
txori txuri estrainoa
mundu osoko lehen arrano
arrantzale albinoa.
Japoniara begira
jarri berandu baino lehen.
Ikusiz nola bilakatu zen
zilarrezkoa Maialen.
Aste Nagusirik gabe
pasa zaigu abuztua
kultura, mendia ta hondartza
gazte denon apustua.
Ikasturte hasieran
tristea zen albistea
Errotxapeako gaztetxea
hustu eta eraistea.
«Bidasoak ez dezala
beste malkorik isuri
primaderan hiru lore gorri
baietz hazi Zibururi».
Bertsolaritza munduan
bazterra zen erdiratu,
Alkaiza eta Ibarzabalek
arrakala bat loratu.
Aurtengo urte herrena
olatu enegarrena
bizi duguna baino hobea
izan dadila hurrena.