Bizikletaz
Eguzkitik ihesi pasatzen nituen uda beteko egunak, ahal nuen guztietan itzalean. Nekez lortzen nuen, zoritxarrez. Buruhausterik eta ardurarik gabeko bizimodu hartan, denborak ez zuen inolako botererik, eta etorri bezala uzten nion joaten. Patxada horren ondorioz, arrapaladan imajinatzen dut nire burua batetik bestera.
Probetxuzko gauzak egiteko izaten ziren goizak, eta eguzkitan itotzen nintzen baratzeko lanak genituen aldiro. Belarrak egiteko egunak baino, patata errenkadak ateratzeko saioak ziren gogorrenak, eta, aldi berean, gustukoenak. Mimoz egin beharreko lana zen, tentu handiz egitekoa, sardearekin edo gorotz palarekin patatak lurpetik ateratzea tuberkulua bera kaltetu gabe. Makina bat aldiz zulatu nituen patata handienak, eta ezkutuan gorde txikienak olio eta gatz pixka batekin egosi berritan jateko. Bildutako guztia garbitzea zetorren ondoren, urez betetako balde festa, bata bestearen alboan jarrita, lurra kendu eta lehortzen jarri ahal izateko.
Halako lanik ez zenean, goizak erreserbatuta egon ohi ziren Goiko plazan erraketan aritzeko. Bezperatik hitzordua egin, hiruzpalau lagun bildu, eta eguzkiak bete-betean jotzen ez zuen bitartean ekiten genion jolasari. Eliza pareko iturrian ur tragoxka bat edateko besterik ez ginen gelditzen, bata bestearen atzetik jolasteko nahi adina partida. Azken pilota Pildain inguruan galtzeak erabakitzen zuen noiz amaitu saioa, eta Markesaneko gerizpean komentatzen genituen punturik gogoangarrienak.
Arratsaldean, berriz, banketxeren baten propagandako motxila zahar batean bainujantzia, eguzkitako krema eta oihalen bat hartu, eta han joaten nintzen lagunekin biltzeko adostutako topalekura, bizkor arraio. Puntualitateak orduan ez zuen axola, azkena iristerakoan abiatu eta kito. Donibaneko kale estuetan, harrizko galtzadak bizikletak dardarka jartzen zituen kostaldera bidean. Bonantza, Kantina pareko harria edo Kalaburtza izaten genituen helburu, egunaren eta aurretik iritsitako jende kopuruaren arabera.
Arroketan zain genuen oasia, eta bero handiegia bazen, iritsi ahala itsasora jauzia. Urpeko betaurrekoekin egiten genituen urpekaritza saioak, han-hemenka arrainak, karramarroak eta baita olagarroak ere ikusteko. Bainuaren ostean karta-jolasak. Ondoan baten bat denbora-pasak haren kabuz egiten hasiz gero, nahiz eta hura gogaitu, guztien artean osatzeko ahalegina. Arrokak, itsasoa eta lagunak. Besterik ez, harik eta galernak ekaitza iragarri bitartean. Orduan, itzulera.
Ez dago zalantzarik, uda giroa heldu da aieka guztietara, baita hona ere. Enarek kilkerrei konpetentzia egin, eta kri-kri-kri ekin diote bazterrak aztoratzeari. Lagun saldoak hasi dira joaten Lezotik Donibanera eguzkiak kuku txiki bat egiten duen aldiro. Zeharka begiratzen ditut haien joan-etorriak, inbidiaz. Halako egun sargorietan, ederra litzateke iraganeko txoko kresaladunetara bidaiatu ahal izatea bizikletaz. Perrilari eragitea indarrak sekula ahituko ez balira bezala, urrutira iristeko garaiz beharrean.