Agurrak
Beti gorrotatu izan ditut agurrak. Txikitatik. Batzuetan ez nuelako uste inoren eta nire artean behar besteko harremana zegoenik halako despedida egin behar izateko. Besteetan, berriz, konbentzituta nengoelako agur horiek protokolarioak zirela, eta luze gabe egingo nuela topo berriz ere harekin. Zenbait agur eztarrian korapilatzen hasi zaizkidan honetan, onartu behar dut agurren kontua ez dela haur garaietan bezain erraza.
Agurrak eta agurrak baitaude. Batzuk gertatu aurretik dakigu jazoko direla, eta prestatu egin ditzakegu. Kanpora bizitzera doan norbaitena, adibidez. A ze festak antolatzen dituen jendeak horren kontura, eta tematikoak gainera! Mexiko, Argentina, Kolonbia… Saloura oporretan pare bat asterako joan denari egindako agurrak ere ezagutzen ditut. Beste batzuk, berriz, ustekabean gertatzen dira, eta ez dago agurretarako tarterik, heriotzetan bezala. Zintzoak izateko, hiletetan agurrak egin egiten dira, iritsi beharrekoari iristen ote zaizkion beste upel bateko ardo goxoa da. Baina badira hirugarren multzoan agur korapilatsuagoak. Elkarrengandik urruntzen ari garela jakin, baina pixkanaka-pixkanaka gertatzen denez, agurretarako tokirik uzten ez dutenak. Horiek dira, zalantzarik gabe, zailenak.
Ez baita kontu erraza une egokian agurtzea, edo horretarako tarte aproposa bilatzen saiatzea. Gerta liteke norbait gure bizitzatik kanpo gelditzen joatea, eta noizean behin ikuste horretan, premiarik ez sentitzea elkarri agur esateko. Ohartzerako, zoritxarrez, harremana erabat etenda egongo da, eta ordurako zaila da agur festa bat antolatzea. Hortik datorkit zalantza, zenbat urrundu behar du norbaitek agur bat merezi izateko? Agian txikikeria irudituko zaizue, baina ez al du harreman horrek kolpetik moztutakoek adina eskubide? Betiko eutsi behar al zaio bizitzan zerbait berriro partekatuko dugun ilusioari?
Halako kezkez jositako bakarra naizela iruditzen zait tarteka, baina ez dut uste hala denik. Behin lagun batek jendea bi multzotan sailka daitekeela kontatu zidan. Batekoek, bizitza osoa pasatzen dute ingurukoak agurtzen, biharkoaren ezjakintasunetik, badaezpada ere. Bestekoek, berriz, ez dute inolako premiarik sentitzen inor agurtzen aritzeko, eta saiakera egiterako beranduegi da. Bigarren zakukoa izan ohi naiz ni, baina aldi honetan ez dut agurrik gabe joan nahi. Ikasturtearen agurra korapilatu zaidanez, ikasleak agurtu nahi eta ezinean, tarteka-martekako topo egite horiek baliatuko ditut bost urtez denbora partekatutako horiek behar bezala agurtzeko. Bost aldiz agurtu behar baditut ere.