Udazkenekoa
Udazken hartan joan nintzen lehen aldiz oporretan bakarrik. Enpresa teknologikoan bigarren urtea nuen lanean, adimen artifizialak entrenatzen, eta bizitzak gain hartuta, egun batzuetako deskantsua hartzeko probestu nuen urriko zubia. Soldatak ez zuen ematen Kanariar uharteetara ihesaldia egiteko, eta eguzkitan blai egotea ezinezkoa zenez, hotza pasatzera joatea erabaki nuen. Ez ziren garai errazak, eta bakardadeak nire burua osatzen lagunduko zidala pentsatzen nuen. Iritsi bezain pronto ohartu nintzen ez nintzela nahi bezain bakarrik egongo, aldean eraman bainituen egunerokotasuneko traba guztiak.
Egunek ez zuten halako misteriorik. Goizetan gortinarik gabeko leihotik sartzen zen argia logelatzar osoa argitzera. Beheko suaren hodia pasatzen zen gelatik berogailuaren funtzioa betetzeko, eta afari garaitan piztutako enborren azken hatsa aski zen hurrengo goizera arte epeltasunari eusteko. Jaiki, eta egurrezko oholen gainetik jaisten nintzen gosaltzera, okertutako eskaileretan orekarik ez galtzeko tentu handiz, eta zuraren zimur bakoitza oinutsik joateagatik sentitzen. Gosaltzeko, berriz, esne beroa eta bezperako ogi txigortua. Jantzi ahala ateratzen nintzen goizeko ibilaldia egitera, halako batean nire burutazio ankerrak baino bizkorrago ibil ote nintekeen deskubritzera. Aldi guztietan galtzen nuen partida, eta pare bat aldiz iskin egin ondoren, beti egiten zidaten itzultzerakoan lagun.
Kolore guztietako buruhausteak neramatzan soinean, zintzilik, haien udazkena noiz helduko zain. Astunegi bihurtu ahala erortzen ziren lurrera, eta erotzen ninduten lurrera jausitakoek. Orbelak erabat inguratuta, pauso argirik ezak makurtzen ninduen pausatzera. Batzuetan, geldi-geldi izaten nintzen zenbait minutuz, inguruko isiltasunak nire barneko zarata isilarazi zezan. Alferrik. Beste batzuetan, orbelez estalitako bidezidorrei ekiten nien, zartatzerakoan hostoek ateratako hotsak estali zezan nire baitako zarata. Antzu. Erronkaritik oroigarri bana ekarri nien kezka horien iturriei, hurrengoan ez zitezen heldu nirekin.