Autoz
Autoa bezalakorik ez dago, solaskideari begietara begiratu gabe, aurrez aurre esan beharrekoak iruntzi ahal izateko. Ezker-eskuin jirabiran, martxak gora eta behera, zentzumenak errepidera adi izan daitezke, lotsari iskin egin, eta pentsamenduei tokia egiten zaien bitartean. Halaxe gertatu zitzaidan niri ere.
Hiltegira doan azienda baten patxada berdinaz abiatu nintzen autoaren bila igande goiz hartan. Ordu laurdenera besterik ez zinen zu, denboran. Askoz ere gehiagora, ordea, harremanen xextra delikatuetan. Makina bat urtez ez nuen zure berri izan, eta sekulako jakin-mina eragin zidan zuk nigana jotzeak. Zertarako? Umetatik elkar ikusi gabe urteak eman ondoren, zergatik orain? Intrigak errezeloei gain hartu zien, eta hala heldu nintzen ezezagun batekin hitzordua zehaztera. Nor bere herrian bizi zenez, erdibideko batean elkartzea adostu genuen, Lezon, eta handik elkarrekin joatea Hondarribira, Jaizkibeldik. Gerora ohartu nintzen Jaizkibel halako hiru mendi errepide behar genuela elkarrekiko zorrak kitatzeko.
Egun hartako xehetasun gutxi oroitzen dut, autotik kanpokoak, behintzat. Barruan hitz egindakoak, berriz, guztiak. Saldise plaza alboko markesina izoztuan zeunden nire zain, eta negu giroak izaera bera ere hoztu zizun traza hartu nion. Kaixo, aspaldiko. Lehor baino lehorrago jaurti zenidan, eta ni zurbil, kuriositateak amildegira erakarri ote ninduen zalantzati. Txikitan lagun izandakoa nuen parean, ezezagun bilakatuta. Ikasketei buruz galdetu zenidan. Ikasketei buruz galdetu nizun. Lan kontuak aipatu zenizkidan. Lan kontuak aipatu nizkizun. Donibaneko termika parean isildu, eta isiltasuna bera bilakatu zenuen emankizun. Txartiku pasa, Arrokaundietako kurba gainditu, eta Mixintxola parean ginela ahoskatu zenuen: Mikel.
Orduantxe ulertu nuen dena. Mikelek gorriak eta bi pasarazi zizkizun DBHn, eta ni ere hantxe izan nintzen, batzuetan ikusle, besteetan ezinbesteko konplize. Izen hura ahozgora esan orduko isildu zinen, haren atzetik zetozenek ihesbiderik topatuko ez balute bezala. Nire txanda zela ulertu, eta aurpegira begiratu gabe aitortu nizun zenbait urtez gogoan izan zintudala. Banekiela kale egin nuela nerabe saldoaren artean barre algaraka aritzean, Mikelen lizunkeriek zure gorputza jomuga zuten bitartean. Asteartero, gorputz hezkuntzako saioen aurretik bi musu eskatzen zizkizunean. Mozkortu zen aldi hartan titiak ukitu, eta gertakari hari garrantzia kendu nionean. Nire laguna zinen, ni zurea ez. Damua nigan antzeman ondoren kontatu zenidan mugikorretik bidalitako mezuena. Argazkiak bidaltzen ez bazenizkion, zu mehatxatzera ailegatu zen eguna. Horien berri izan gabe ere, banekien urte horietan ez nuela asmatu. Zu entzun ondoren, infernu horri su gehiago eman niola sentitu nuen.
Gailurraren parera iristerakoan, Allerruko gainera igotzeko keinua egin zenidan. Haraxe gidatu nuen autoa, batak bestea entzuteak eragindako lasaituarekin. Gelditzerakoan autotik jaitsi, eta lehen aldiz begiratu genion elkarri aurpegira. Ni negar malkotan nintzen. Zuk eutsi zenion. Malko erreserbak ordurako agortuta izango zenituen. Ariketak bioi on egin zigunez, Mikelekin errepikatzea adostu genuen. Agian berak ere eskertuko du, kurba eta kurba artean atzeko ispiluari erreparatu, eta eragindako mina erreparatzea.