Mapak
Arrapaladan zabaldu duzu Errota guraso taldeak egindako Lezoko mapa. Aurrez aurre egin duzu topo ezezagun ugarirekin. Makurtutako preso batekin, ardi larruz jantzitako morroiak dituen sorginarekin, pailazo kuadrillarekin, sagardogilearekin, pirata batekin, emakumezko arraunlariarekin… Horien atzealdean, berriz, baserriak, eta errekak, eta basoak, eta herrixka tankerako eraikin multzo bat. Jaizkibel hiribideak lagundu dizu ikuspegia finkatzen. Honako honek trena behar du izan. Aieka horretako horrek, berriz, topoa. Biak pasatzen dira portuaren aldamenetik, eta mapak jasotzen ez duen arren, bertaraino ere iristen da errail bikote bat. Herriaren ekialdean, errepideak adierazten du Bidasoaranzko norabidea.
Galduta gaudenean jo ohi dugu mapetara, eta Lezokoa zabalduta, ohartu zara bertan zure burua kokatzen laguntzeko elementu nagusiak batetik bestera joateko azpiegiturak direla. Erruz dauzkagu gurean. Azkar ailegatu nahi dugulako helmugara, arinago garraiatu nahi ditugulako merkantziak, bizkorrago amaitu zereginak. Egunerokotasunean horren bizkor ibiltze horren kontraesanak, ordea, opor garaian nabarmentzen dira. Denbora gelditu nahi izaten dugu. Herriko festetan alpargatetan egindako parrandetan. Kuadrillakoekin Nafarroako jenderik gabeko herrira egindako asteburu-pasan. Itsasbazterrera egindako ihesaldian. Urtean zehar egin gabeko ibilaldietako kilometroez osatutako mendi zeharkaldian. Horietan guztietan lortu nahi dugu presa sentsazioa uxatzea, eta kuriosoa da nola zoriontasuna eskuratzeko bilatzen dugun patxada hori ez dugun gure bizitzetako egun arruntetarako nahi.
Burutazioetan galdu zarela jabetu, eta begiak mapara itzuli dituzu. Errepide, trenbide, eta gainerakoek bizia hartu, eta borrokan imajinatu dituzu, Herriko azpiegitura handiak ring-aren ezkerraldean, pertsonaiak eskuinaldean. Mapan tokia nork irabaziko lehian. Lurra nork konkistatuko norgehiagokan. Izan ere, marrazkilariak, aldi honetan, ezkerretan pilatu ditu urbanizatutako eremuak, eta Gaintxurizketa aldean jarri Lezoko pertsonaiak. Hemendik urte batzuetara, ordea, ziurrenik ezingo du hala egin, lur horietan eraiki nahi delako Abiadura Handiko Trenaren eta Portuaren arteko lotunea. Bizkorrago ekartzeko eta eramateko dena delakoak. Ustezko zoriontasun betera lehenago iristeko errailak.
Hala jokatzen dutenen aldean, uda honetan Lezoko mapa ahalik eta motelen marrazteko bandoan izango gara beste hainbat. Tartean zu. Kolorez betetzerakoan hartuko dute bizia Etxetxoren ahaleginez gogoratutako trabajadoriek, Marinazkanek eta haren zirikuek, Korrik, Xaltok eta Brinkok, Maria Labaienek edota batelerek. Uda honetan, mapa koloreztatzen dugun bitartean ohartuko gara, arrapaladan bizi arren, halako ekimenei esker kultur transmisioak Lezon ez duela etenik, eta zerikusia duela horretan oraindik orain Lezo erabat hormigoiztatua ez izateak.
