Galtzekotan
Arrapaladan ailegatu zara nigana, eta segituan susmatu dut zerbait ez dihoala ongi. Ahotsaren gorabeherek eta etenek alertan jarri naute, eta ahoa ireki ahala konfirmatu gainean daramazun sustoa. Okerrenean jarri naiz, zure eta nire inguruko nor egon litekeen estu asmatu nahian. Zain izan nauzu segundo batez. Eta biz. Eta hiruz. Segundoek eternitatearen iraupena eskuratu arte. Azkenean, argitu didazu zer gertatzen den. Larritu zara, berriz ere, zerbait galtzerakoan. Lasai hartu ahal izan dut arnasa. Zuk ez, ordea.
Denok dugu edozer galtzeko aukera, eta naturala da halakoetan estuasunak arnasaren pasabideak mehartzea, bihotza biziaraztea eta galdutakoa errazago topatzeko bizkorrago mugitzea. Hala ere, ni neu gero eta gutxiago larritzen naiz gauzak galtzerakoan. Berdin du giltzak, agenda, jertserik kuttunena, mugikorra, ordu txikietan aparkatutako autoa edo dentistarekin hitzordua gogorarazteko txarteltxoa izan. Inoiz zentzua ere galdu izan dut, baina orduan ere ez nintzen larritu. Hipotesi bat daukat larrialdi horiei aurre egiteko. Galdutakoak berez topatzeko gaitasuna daukagu, gure bizimoduari eutsiz gero.
Ados, errezeta errazegia da zuretzat, batez ere krisi betean bazaude, baina egin kasu, ez du inoiz hutsik egiten. Pentsatu zer galdu ohi duzun eta nola topatu izan duzun atzera. Objektu batzuk ia egunero erabiltzen ditugu, eta horiek egun gutxi eman ditzakete galduta. Bertso eskolan agenda ahaztuz gero, esaterako, astebete besterik ez da itxaron behar harekin berriz ere topo egiteko. Arropa, berriz, urtaroka janzten dugunez, gehienetan hiruzpalau hilabetez izan behar da esperoan, neguko arropen artean galdutako bainujantzi moloiarekin topo egiteko, adibidez. Zientoka adibide bururatzen zaizkit, behar beste itxaronda, bere kasa topatutakoak.
Galdutako beste zenbaitek, ordea, itxaronaldi luzeagoa behar dute berriro haiek berreskuratzeko. Nerabeak lotsa, haurrak imajinazioa, helduak adorea. Batzuetan zoriontasuna bera ere galdu egiten da. Ihes egiten du zirrikituren batetik, leihoren batetik hegan joan, edo, inolako arrazoirik eman gabe, oinez irteten da atetik. Orduan ere ez da larritu behar. Aurreko guztiekin bezala, zoriontasuna galtzekotan, bizimoduari eutsi, eta uneren batean egingo duzu berriz ere harekin topo.
