Errezeta
Olamoduzko esneketariak ekarritako esnearekin abiatzen da errezeta. Hamarkadak daramatza etxez etxe. Katilu edo eltze txikiren bat soto barruan utzi, txanponak albo batean, eta Gaintxurizketako zelaietan hausnarrean aritutako behien esnea lezoarren etxe barruetaraino iristen da. Arrautzak, berriz, Donibanetik heldu dira gehienetan. Dorretxotik, hain zuzen. Koloreagatik urrezko izendatutakoak. Kanela adartxo bat. Azukrea. Denbora apur bat, ez da besterik behar.
Sukaldeko alde banatan jarri gara. Amona bitrozeramikaren aldamenean, ni, eserita beste aiekan, koadernoa eskuan. Asteroko errezeta izaki, ez ditu bi aldiz pentsatzen egin beharrekoak. Lezoko jendeari errezetaren berri eman behar diodala esaterakoan, laurogeita hamahirugarren aldiz kontatu dizkit urratsak.
Ilunabarra igarota ekin behar zaio. Kanela eta hamabi goilarakada azukre esneari gehitu, eta sutan jarri behar da. Litro bat esne. Irakiten hastera doanean, berriz, atera. Gau osoa pasa behar du bere horretan, eta hozterakoan esne gaina kendu. Karameloa ere bezperan utzi behar da biharamunerako prest. Eltze txiki batera bederatzi goilarakada azukre bota, eta gorritu arte itxaron, etengabe mugituz. Hala egin ezean, erre egiten da, eta ez du balio, berriz hasi behar da. Gorritze puntura iristean, beraz, erretiratu, eta flanaren ontziaren hondora isuri behar da. Eragin pixka bat, ertz guztira iritsi dadin gozoa. Bezperako lanak bukatuta, hurrengo egunerako jarri dit hitzordua, eta balkoitik agur egin, aldiro moduan.
Goizean itzultzerako karameloa gogor-gogor egina dago, eta esnea hoztuta. Urrezko arrautzen txanda da. Irabiatu, eta esne hotzari gehitu behar zaio, baita zertxobait nahastu ere. Karameloaren ontzira jariatu, eta baño marian laberatzeko moduan izango da. Baño maria zer den jakingo al dute? Ezetz egiten diot buruarekin. Deskubrituko dute haien kabuz. Pistak: urperatuta dagoenean 60 minutu, 240 gradutan.
Ohartzerako prest dago flana. Hura egiteko errezeta ekarri dut lerro hauetara, urrezkoa egiten duten osagaiak norberak arakatu ditzan.
