Estrategikoki
Ta, ta, ta, ta, itoti azpiko harriaren pare jaso duzu erretoliken erauntsia. Gaur Eguneko albiste bat, lehenik, jendea hasi da urte berriko asmoak gimnasioan betetzen. Sare sozialetatik bideoa segidan, 2026an elikadura osasuntsua izateko aholkuak. Txirrin. Mugikorreko mezularitza aplikazioan erantzun gabeko dozena bat mezu. Ez diozu erantzunik eman lagunarekin pote bat hartzeko proposamenari, parrandan zabiltzan galdetu dizun lagun berezietako bati, fabore eske dabilen lankide astun horri, bizilagunen komunitateko kontuak hankaz gora dituen 3Ckoari, azterketa hura gainditu ote zenuen jakin nahi duenari, urte berria zoriondu ostean ongi zauden konpromisoz galdetu dizunari… Tantaz tanta arrakalatu zaituzte, eta makurtu zu ere urte bukaeran balantzeak egiteko ohitura zikinera. Huts eta damu bakoitza hartxintxar bat izango balitz, erratzarekin guztiak banaka bildu, eta zera aginduko dizute: osatu haiekin hurrengo urterako helburuen eskultura, antsietatearen lohiz eta insomnioaren kolaz itsatsitako artelana.
Antzemango zenuen, ez naiz bereziki halakoen zalea. Espero dut zu ere ez izatea. Gainera, zerrendak osatzen aritu behar horrek plan estrategikoak ekarri dizkit gogora. Paso. Iaz urtebete pasa nuen ikastolakoa osatzen, batekin bildu, besteekin batu, zirriborroa gora, lan-ildoak behera. Horrelako bat egiten hastea, urtero, norbere buruarentzat? Tira, txarren-txarrenean, kuriosoa litzateke nork bere buruari egindako plan estrategikoen berri izatea. Jakin daiteke zer jasoko zenukeen zuk? Liburu bat irakurtzea? Kirol gehiago egitea? Lagunekin denbora gehiago pasatzea? Familiarekin otordu gehiagotan izatea? Bakarrik planak egitea? Zinera maitalearekin joatea? Urrutira bidaiatzea? Euskal Herria ezagutzea? Bidaiatzearen eta hemen egotearen arteko oreka topatzea? Gehiago pentsatzea? Gutxiago hausnartzea? Balioko lukete Iñigo Martinezen Mandamentu hipermodernoek zure 2026rako plana zehazteko?
Jo dezagun handira, beteko ez diren zerrendak egiten hasita, egin diezaiogun bat herri honetako eragile bakoitzari. Korrika Lezotik igarotzerakoan korrikalari guztiak euskara hutsean aritzea jasoko luke AEK-k helburuetan? Euskararen biziberritzearen diagnostikoaren berri ematea UEMAk? Maskulinitate tailerretara benetako gizonak joatea Iruntzen emakume taldeak? Kultura sailari konpetentzia egitea Piztu Lezok? Iritsi berrien aisialdirako sarbidea erraztea aisialdiko eragileek? Adin goiztiarretan federatzea galarazi eta lehiaz haratago joatea kirol taldeek? Jaizkibelgo pinu denak banan-banan ametzez ordezkatzea basozaleek? Etxebizitza eskubidea bermatzea gazteek? Udal kontuetan zulorik ez eragitea udalak?
Infinituraino luza gaitezke, baina akabo jolasa. Norbere buruari egindako planek ibilbide motza dute. Ekintza planei plan estrategiko deitzen diegun bitartean, ez gara ohartuko norbere ahaleginez konpontzeko eskatzen digutenek erro sakonak dituztela gizarte egituretan, eta gutxienez herri mailan jokatzea ezinbestekoa dela horiek aldatzeko. Estrategikoki, jasoko dugu guztiok gure asmoetan elkarrekin ekiteko asmoa?
