Erlatiboki
Erlatibitatearen teoriak dio espazioa, denbora eta grabitatea ez direla absolutuak, behatzailearen araberakoak baizik. Bost axola zaizkit zulo beltzak, zizare-zuloak eta espaziorako bidaiak, baina ideiak, irakurketak ikuslearen araberakoak izateak, majo erakarri nau.
Teoriaren arabera, ezin dugu esan zerbait mugitzen ari den beste zerbaitekiko konparatu gabe. Jolas dezagun, beraz. Aldera ditzagun euskararen biziberritze prozesua eta gaelikoarena. Garaile. Euskal dantzen transmisioa sardanekiko. Ados. Konparazio baterako, pareka ditzagun euskal hiztun trebeen dentsitateak eta gaztelerakoenak. Porrot eskandalagarria. Eta Lezoko euskalgintza Lezo euskalduna lortzearekiko?
Pattal. Min ematen du, esaterako, Txirbillaren moduko eragile baten lokartzeak, eta guraso batekin hizketan, uste dut ez naizela etsipenean eroritako bakarra. Hil hurren den Txirbillak berak Firin-Faran, Hitz eta Jolas, Jostakeitan, Lesakara!… antolatu izan ditu, baina ez da nahikoa. Abiapuntuko teoriari helduz, behatzailea herritar euskaltzalea bada, argi adieraziko du ez garela nahi bezain fin ari, eta eragilearen heriotzak bide horretan sakontzea besterik ez du eragingo. Noiz eta eskolaren eta ikastolaren arteko zubi lanetarako horren tresna eraginkorra bilakatu zenean.
Uneren batean onartu beharko dugu jaitsiera demografikoak krisi militantea ere ekarri duela, kopurutan, eta dozena pare batek egindakoa ezin duela dozena erdiak eutsi. Ez dakigu asko egiten ari garen zerbaiten alde ala gutxiegi. Kontua da ez garela ohartzen biak izan daitezkeela egi une berean, eta ezin dugula bizi etengabe dena ematen herri moduan. Gauza batzuk ez ditu Anariren epilogo batek ere sendatzen.
Honaino bizirik eusteko euskaldunek arraun egindako guztiaren ondoren, indarrez hustutzen ari gara, eta amore emateko tentazioa nagusitu. Agian arazoa ni neu naiz, behatzaile ezkorregia naizela. Baina panorama ikusita iruditzen zait zizare-zulo bat topatzen ahaleginduko naizela, ahal dela beste espazio-denbora batera ihes egin, eta triskantza honen lekuko ez izateko.
