Sehaskari
Urduri jartzen naiz gogoratze hutsarekin. San Juan bezpera batez suaren bueltan ginen Gurutze Santuaren plazan. Zortzikoak. Moztu. Zer dator orain? Nora zen? Eskubi? Ezker? Ea Iratik zer egiten duen. Karrera eta buelta karrera. Moztu. Atzerapen pixka batekin, baina joan nintzen ni ere atzetik. Zortziko erdia. Moztu. Salto eskuinetara. Salto ezkerretara. Behin hasita gutxitan egin dut kale dantza kontuetan, aldiro izuak dardara oin puntetatik txapelaren zuztarrera eraman arren. Atzera hiru pauso, zapaldu, eta ezkerreko hanka zerura. Uuuuufff.
San Juan zortziko hartatik makina bat aldiz dantzatu dut. Iñude eta Artzainen desfilean, euskal jaietan, agurretan, erromerietan, fandango eta arin-arinak jotzean, parrandetan… Beti lagunez inguratuta. Aski ongi dakigu, ez gara teknikoki Lezoko dantzari onenak, baina ederki pasatzen dugu. Euskal Herriko txapela etxean bertan jokatzen dugu dantzatzen dugun aldiro, eta Euskal Herriko dantzarien biltzarrera joatea da gure Segura.
Txapelketak izaten dituzte beste batzuek jomuga, eta prestakuntza gogorrari ekiten diote. Txapela kentzeko moduko sari zerrenda osatu du horietan Lezok, eta garaipen bakoitzarekin izugarri pozten gara. Lezo dantzaren sehaska dokumentalarekin, merezitako omenaldia egin zitzaien, eta hunkigarria izan zen belaunaldi askotako dantzariak herritarrekin batera Altamirako anfiteatroa betetzen ikustea. Dena den, ez nuen aldi hartan Murixkari edo dantza herrikoiari inolako aitortzarik sumatu, eta iruditzen zait omenaldia osatzeko eta borobiltzeko ezinbestekoa dela. Lezoko herri bizitzan, kulturan, dantza oso txertatuta dago, eta zorionez, txapelik gabekoak ere bagara dantzari, eta badugu horietan tokia.
Plazarako bidea ireki zidaten niri Murixkakoek, eta eskerrak eman nahi dizkiet irakasle aritutako guztiei egindako ahaleginagatik. Bereziki nirekin aritutako Janireri, Nereari, Iratiri, Lideri eta beste hainbati, bidelagun izateagatik dantza ikaste berantiarrean. Zorionez, nik bezalaxe izan dituzte beste batzuek ere Murixkan irakasle finak. Horregatik, Lezo dantzarien sehaska baino, dantzako irakasleen sehaska dela aldarrikatu nahi dut. Ezinbestekoa da haien lana, dantza talde herrikoiek eusten dutelako askoren harrobia, eta haiei esker bilakatu baitaitezke gutxi batzuk dantzari txapeldun.
