Zutabeak

Zutabeak idazten ditudala esaterakoan jendea begira gelditzen zait, muturra oker-oker eginda, keinu arraro horrek galdetuko balit bezala hori nola den posible. Hormigoizko prisma perpendikularrak osatzen imajinatzen naute, eta zerbaitek, dena delakoagatik, ez die koadratzen. Izan liteke ni eskulanetan trebea ez naizela pentsatzen dutela. Ziurrenik kosta egiten zaie hitzen elkarketaz osatutako euskarri bat irudikatzen. Baina konbentzituta nago ez direla aldizkarietakoak hitzez eraikitako zutabe bakarrak.

Bizitzako zutabe izan daitezke lana, maitasuna, adiskidetasuna, familia, militantzia. Zutabe joka dezakete lankideek, maitaleek, adiskideek, anai-arrebek, burkideek, kanino eta felinoek. Horietan guztietan ezinbestekoa da hitza, eta haren erabilerak baldintzatzen du horien guztien sendotasuna. Ezagutu ditut egur usteleko zutarriak hormigoizkoak baino gehiago irauten. Ikusi ditut zimendu zaharreko dorre garaiak erortzen, gogor tankera izan arren. Eta iruditzen zait horietan guztietan mimoz hautatu behar direla hitzak, horiek elkartuz indartu ala higatzen direlako zutabeak.

Hitzaren garrantziaz jabetuta, ingurura begiratzeak tristetu besterik ez nau egiten, eta bolada luzea daramat ezkor samar. Erositako prezioan eskaintzen dizkizut burutaziook, baina hitzaz beste egiten dugun garaiotan, zerk harritzen gaitu panorama beltzetik? Laguntasun azalekoegiak, erabilera bakarreko maitaleak, norbere zilborraren 24 orduko emanaldiak, estresatuta gaudela kontatzeko denbora ateratzeko itotasuna, bideo mutuetara mugatutako heziketa, eta mugak ausente, gurasoen ahoetan ezezkoak bezala. Batzuetan sentsazioa dut galdera ikurrari berari gerra deklaratu diola norbaitek, eta ezer zalantzan jartzea galarazten digunez, uztarripeko idi bilakatu garela gu denok.

Inozentea ni. Hitza-k utzitako txokoan, mundua hobetzeko zutabeak hitzez eraikitzen nituela erantzun nion behin lagun baten mutur okerrari. Azkenaldian, ordea, guztia eraisteko testuak bakarrik okurritzen zaizkit. Mundu hobea eraikitzeko ahaleginetan ari nintzela uste nuen nik; nire etxeko zutabeak osatu gabe besteenak eusteko saiakeran nenbilela gogorarazi zidan beste batek.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.