Kontakizunak
Jendea batetik bestera ikustea gustatzen zait. Bazter batean esertzea, eta gorputzak behatzea presak itota, zereginetara arrapaladan edo plazerak mugituta. Joan-etorri handiko tokiak dira onenak, kale jendetsuak, adibidez. Ibiltzeko moduek pausoa norantz emango duten adierazten dute, edo hala iruditzen zait niri. Herritarren inguruko istorioak eraikitzea gustatzen baitzait, entretenitzeko, benetakoak izan zein ez.
Lezoko plazako hareharrizko eskaileretatik tantaka ikusten da jendea estankora bidean. Zabar jantzitako mutil kozkorra tabako bila doa, lepoa ezker-eskuin biraka, ikusezin bilakatu nahian. Horko aitona, berriz, halako irribarrea jantzita, ilobarentzat margoak erostekotan da Zabarre margotzeko. Piku-kalen alargunek enkargu artean mingaina dantzan jartzen dute, graziak eta desgraziak elkarri kontatzeko. Haiekin gurutzatu da gazte langabea, agur keinua egin, alondegiko eskailerak igo, eta Markesanen errefuxiatu da labanak baino iruzkin zorrotzagoetatik ihesi. Meritokraziaren promesak eskarmentuaren aldean hutsaren hurrengoa balio duela ikasi du gaur. Bi neskato jauzika doaz Xoxolurrera bidean. Musika eskolako etxerako lanak aldean, inpresioa eman dit itzal bati segika baino, intimitate bila jo dutela harizti magikora.
Zuk ere egin dezakezu ezagun zein ezezagunen istorioekin jolas. Izan ere, Lezoko jendearen ibilerak badu zer kontatu, gutako bakoitzak duelako bere kontakizun propioa. Hala ere, kaleetan barrena, gure bizitzek topo egiteaz gain, gure kontakizunak ere elkarren artean katramilatu egiten dira, eta batzuen erabakiek besteengan ere izaten dute eragina. Txikitan irakurritako abentura liburuen parekoa iruditzen zait. Halako ipuinetan, bidegurutze bakoitzean zuk zeuk aukera dezakezu nora jo, eta horren arabera jarraitzen du istorioak. Urrats bakoitzean galdetzen dizu zein kale hartu edo norekin egin aurrera. Horren araberakoak dira hurrengo kezkak, zalantzak eta hautuak. Aukera ezazu zure abentura, egiten dute aldarri.
Kontakizunen puzzle horretan, egin al duzu zure bizitzarako abenturen aukeraketa? Nondik eramango zenuke kontakizun kolektiboa erabakimena zurea balitz? Zentzu komun horretan eragiteko tresna izan nahi du Zeorri!-k. Amaiera ezagun gabeko liburu bilakatu, eta Lezoko kaleetan utopiaren arrastoa jarraitu, abentura irekien liburuetan bezala. Zurekin irudikatu nahi du utopia, elkarrekin eramateko kaleko elkarrizketetara, hormetara edo uhinetara. Distopia errealitatean ezkutaketetan jolasten ari den garai hauetan, eraldaketa bera izango du Zeorri!-k kontakizun. Edonor izan daiteke, gainera, abentura horretako protagonista, Xoxolurreko neskatoetatik hasi, eta alargun mintzalarietaraino. Zu ere izan zaitezke. Nondik joko duzu hurrengo bidegurutzean desiratutako kontakizuna eraikitzeko?