Teilatuetan
Zutabeak idazteko biluzte ariketa honetan, oraindik ez dizuet nire ezkutuko amets baten berri eman. Elkar ezagutu eta gutxira goizegi zen kontatzeko. Behin konfiantza josten ari garela, jakinarazpena gehiago ez luzatzea erabaki dut: handitan letragilea izan nahi dut. Gauzak horrela ez direla, horrela daudela esaten duen horietakoa.
Miresten ditut abestietako hitz jokoak, bigarren ahotsak bezainbeste bestelako zentzuak. Ibil Bedi, Anari, Olaia, Hofe, Gorka. Azkenaldian, Gorka. Nik ere esan nahi dut horrenbeste hain hitz gutxirekin. Bihurritu esanahiak, errealitatea desitxuratu edo islatu, silaba kolpe bakoitzarekin. Hizkiak kamustu eta zorroztu, kontakizuna behar bezain leun edo garratz izan dadin.
Misio konplikatu horretarako, letragile askoren uztari erreparatzen diot. Errora joz, dena esanda dago, baina ez nik. Eta esateko bulkada horretan hitzak ahoetan nola paratzen diren aztertu nahi dut, paperetik uhinetarako jauzia hunkitze unitateetan neurtu. Abesti bat mihian dastatzen ari nintzela egokitu zitzaidan hurrengo esaldi ezaguna. Zeru gorriko egunak. Berehala egin nuen salto kantuaren letra zirujau baten prezisioz arakatzera. Erraz iradokitzen ditu lagunarteko arrats barrez beteak, erraz irudikatzen ustez betiereko momentu intimoak. Ilunabarrak gordetzen ditu batera ekiteko ideia, askatasunaren ortzimuga eta eraldaketaren esperantza. Amestu beharrean ametsak bizitzeko apologia.
2008ko ilunabarrak ez du, ordea, egungoen antzik. Krisi bat (luzea eta amaigabea), pandemia bat, erregaien agortze prozesu bat, armagabetze bat, zatiketa bat eta disko bat izan dira tarteko. Pentsa, egungo gazteei independentzia oihukatu, eta etxebizitza eskubidea datorkie gogora. Zure kontu aldaketaren neurriaz jabetzea. Halakoen ondorioz, bestelakoa irudikatzen dut 2024ko zeru gorria. Ezinbestekoa da ortzimuga hori oharretara ekartzeko inspirazioa, baita ausardia ere. Baina, aizu, handitan letragile izan nahi dut!
Lelo jostari batekin komeni da hastea. Gazteon eskutik eskura dabil, askatasun egarria. Gazteon eskutik eskura dabil, norbere baitan udaberria. Fin. Askatasuna era kolektiboan eraikitzen da, baina norbere konpromisotik abiatuta. Balekoa. Gehituko diot testuinguruari erreparatzeko zerbait? Ea ba. Erakusleihoan ez dut zoriontasunik topatu, makurtutako herrian ezin bidearekin asmatu. Zoroetxe erraldoi honetan, ezin bidearekin asmatu. Ederki, kontsumo gizartea, presa, zalantza eta pitzadura aldi berean. Argi pixka bat komeni zaio, dena den, eta lokatza. Bai, lokaztea ezinbestekoa da eraldaketarako. Lokatzetan loratuko da udaberria. Amaierarako utziko nuke ideiarik indartsuena. Udaberria ez da berez loratzen. Errepikatu. Udaberria ez da berez loratzen. Gazteon eskutik eskura dabil, norbere baitan udaberria. Norbere baitan udaberria. Ez zait bukaera gustatzen, eta ez naiz hobetzeko kapaz. Lezoko teilatuetara igoko naiz ilunabarrak amaiera idatziko didan esperantzaz.