Barrera ondoko gogoetak
Muturraren aurrean ari zait jaisten Gaztañoko trenbide-pasaguneko barrera. Kaka zaharra! Akabo nire presak! Nahi edo ez naiz, hemen egon beharko dut itxaroten, topoa pasa eta barrera berriro goratzen den arte.
Erlojuari begiratu diot. Berandu. Noiz arraio bihurtu ote zitzaidan itxaroten egotea denbora galtzearen sinonimo? Hementxe zain egotea besterik geratzen ez zaidala ideiara errenditu naizenean erlaxatu da nire burua, eta ingurukoari arreta jartzen hasi naiz.
Duela urte mordoska, Amarako geltoki zaharrean gertatutakoa etorri zait gogora. Egun hartan ere presaka nenbilen, topotik jaitsi eta Kostaldeko trena hartu behar nuen. Topoa pare bat minutuko atzerapenarekin zebilen, batetik jaitsi eta bestea hartzeko behar nituen minutuak, hain justu. Muturraren aurrean alde egin zidan. Amorruaren amorruz geratu nintzen nasan, ezustekoak nire antolaketan okerrera nola eragingo zuen kalkulatzen. Geltokia errazten ari zen adineko gizona hurbildu zitzaidan: «Egunero ikusten zaitut nola saltaka pasatzen zaren batetik bestera, non zabiltzan ohartu ere egin gabe ia. Bizitzak aukera aparta eskaini dizu hurrengo trenaren zain zauden bitartean hemen ditugun landareak ikusteko, jendearen joan-etorriari erreparatzeko, zer eguraldi egiten duen ohartzeko… Gozatu momentua».
Aitortu behar dut une hartan ez zitzaizkidala oso kontsolagarriak egin gizonaren hitzak, ez zutela nire amorrua baretu. Urte asko pasatu ziren arte ez nintzen benetan jabetu hitz haien atzean zegoen jakinduria handiaz.
Bat-batean, geltokiko bozgorailuetatik ari den grabazioak atera nau nire pentsamenduetatik: «Euskotrenek tren zerbitzu berezia eskainiko du Lasarte-Orian egingo den Dial al Sol jaialdia dela-eta. Kontsultatu ordutegiak Euskotreneko app-an, web orrian edo Twitterren». Horrela bota digute, natural-natural, tresna horiek edukitzea izango balitz munduko gauzarik arruntena.
Hotzikara batek zeharkatu dit bizkarrezurra, eta berriro nire baitan oihartzun egin dute 89 urte ongi beteta dauzkan adiskideak esandakoa: «Mundutik bota naute».
Oharkabean, digitalizazioaren olatuak– tsunamiak esatea egokiago, akaso–, mundu birtualera jaurtiki gaitu. Eta orain gure bizitza erreala ala birtuala, zer den gehiago asmatu ezinik gabiltza. Adimena ere artifiziala bihurtzera doan garai honetan zenbat jende ari ote gara kanpoan uzten? Gu geroni non ari gara geratzen ikusezinak diren sare birtual horietan guztietan? Lehengoan Osakidetzako orrian sartu nintzen aurretiazko hitzordua eskatzeko asmoz. Aritu nintzen ez dakit zenbat denbora inprimakia betetzeko saiakeran. Osasuna oinarrizko eskubidea den ideiarekin denok bat etorriko gara, baina eskubidera heltzeko bidea jarraitu ezinezkoa bada… zertarako da eskubidea biderik ez badago?
Unibertsitatean irakasle den laguna kexu zen lehengoan. Urtero bezala, semea udalekuetara bidaltzeko galdetegia betetzeko saiakeran ordubetez jardun zuela desesperatuki, ezinean. Iaz, eskuz bete eta antolatzaileen postontzian utzi besterik ez omen zuten egin. Aurten informatizatu egin dute, ustez izapideak errazteko. Baina benetan hala ote da, informatizazioak, digitalizazioak eta mundu birtualak gure mundu zahar erreala erraztu ote dute? Jende andana bazterrean utzi eta mundutik botatzearen truke?
Saldu digute, baita errazegi eta itsu-itsuan erosi guk ere, bizitza erosoago izatea egiten gaituela horrek, etxetik mugitu gabe klik batera, edonorengana hel gaitezkeela, edozer eskura dezakegula. Benetan, ordea, zenbat konplikatu den egiteko sinpleena ere!
Trenbidearen beste aldean, pareko barreran, pilatzen ari da nire moduan zain dagoen jendea. Dagoeneko aspertzen ari zen aulkitxoko haurrari mugikorra eman dio amak, luzeegia egiten ari zitzaion itxaronaldiaren aurrean protestan hasi aurretik.
Barrera igotzen hasi da, halako batean. Goraino heldu aurretik zain egon garen gehienok trenbidea ia zeharkatuta izango dugu. Presa dugu, azkar ibili beharra dago. Hori bai, ba ote dakigu nora iristeko? Iristen ote gara sekula inora?