Elkarbizitzera kondenatuak
Zaratarik, kamiorik, kiratsik ez! Noski, nork nahi ditu, bada, etxepean? Olibet-Etxeberria, Erdialdeko Oarso, Gabierrotako Laguntasuna auzo elkarteek eta Eguzki Talde Ekologistak sortu duten Errenteria Osasuna plataformaren aldarriak dira. Bestela esanda, Papresa inguruko bizilagunek eta Eguzkik bat egin dute Errenteria Osasuna taldean gure herria osasuntsuagoa egiteko. Taldeak udalari mozio bat aurkeztu zion batzorde bat osa zezan, Papresaren jardunak herritarren osasunean, eguneroko bizitzan eta ingurunean eragiten dituen ondorioak azter ditzan. Udalak, bere aldetik, batzordea osatzea onartu zuen uztailean. Papelera eta herritarren arteko elkarbizitzaren gaia zaharra bezain korapilatsua da, ertz asko dituena.
Denboran atzera begiratuko bagenu, ukaezina da Oreretako historia eta gaur ezagutzen dugun herriaren garapen ekonomikoa eta hirigintza antolaketa oso lotuak daudela Papelerara.
Gaurko Papresaren sorrera kontuak ez dira atzo goizekoak. La Papelera Vasco-Belga izenez ireki zen, 1889an. Oreretak lauagoak ziren, eraikitzeko errazagoak eta hobeto komunikatuta zeuden herriguneko lurrak, lantegi ertain eta handiei bideratu zizkien garaian.
Urte batzuetara, 1901ean, La Papelera Española bihurtu zen. Bi urte geroago, herriko bigarren enpresa handiena bilakatu zen, 165 langilerekin; 124 gizon eta 41 emakume. Laster iritsi zen 380 langile izatera, eta handik 1.000ra. Erro sakonak hedatu zituen herrian; familia askoren bizi iturria izateaz gain, langileentzat, Papelerako etxeak deituak eraiki zituen, eta herriko eguneroko bizitzan itzal luzea izan zuen.
Papeleraren hazkundeak bideratzen beti errazak izan ez ziren erronka kultural, soziologiko, linguistiko, hirigintzako eta abar ekarri zizkion herriari. Era berean, aniztasun horri esker, langile mugimendua antolatzen hasi zen, eta 1921ean soldaten jaitsieragatik langileek egin zuten grebaren porrotak sindikalgintzan eta politikan eragina izan zuen: alderdi sozialista zatitu eta alderdi komunista sortu zen.
Garapena konplexua izan zen. Komunikabideak hobetu behar izan ziren. Norteko trenak onurak ekarri zituen, baina baita gatazkak ere: trenbidearen gaineko jabetzak; haren trazatuak; Kaputxinoetan eraiki zuten burdinezko zubia itsasorako pasabidea eta herri-gunerainoko nabigazioa betirako ixteak. Liskartsua izan zen. Bestalde, errepide berria Papeleraraino irits zedin, Zumardiko lerrokadura eten zuten Biteri txikiari irteera emateko etxeak eraitsiz.
Aldi berean, Papelerarekin egindako kontratuari esker, kale-argiteria petroliokoa izatetik elektrikoa izatera pasa zen 1896an. Horretarako, besodun egurrezko poste ugari eraiki ziren, aire-kableatua batetik bestera eramateko.
Errioaren gainean ere aurrez aurre topo egin zuten Papelerak eta herriak. Uholde izugarri eta errepikakorrak zirela-eta, Oiartzun ibaiari arroa aldatu zioten, ubidea zuzendu, zabaldu, eta zubiak eraikiz. Horretarako, meandro bat lehortu eta Ugarritzako zumardiari puska kendu zioten. Lehortutako meandroaren gainean haur-parkea egiteko egitasmoa bazen ere, Papelerak udalean zuen zinegotziaren influentzia baliatu zuen egun dituen eraikin gorriak eraikitzeko.
Denboran aurrera begiratuko badugu, izan ginen ke arteko ume haien begiradatik, berritzailea, eraikitzailea eta interesgarria ikusten da Errenteria Osasunaren proposamena: zehatz-mehatz aztertu Papresak osasunari, auzokoen eguneroko bizitzari eta ingurumenari eragiten dizkien kalteak. Ezagutza hori baliatu bizilagunentzat beharrezkoa den bizi-kalitatearen eta instalazioaren jardueraren arteko bizikidetza duina bermatuko duten neurriak diseinatu eta zehazteko. Ez dirudi zaila, borondate eta jarrera kontua. Elkarbizitzera kondenatuak gaude, denok hobeto bizitzeko!
