Memoria gara
Etxean, desorduetan, idatzitako hitzak norabaitera heltzen ote dira inoiz. Nire bakardadean letrekin marraztutako pentsamenduak begiren batzuk irakurtzen ote dituzte, elkartzen ote dira sekula beste pentsamendu batzuekin. Edo ekoizten diren milioika tona letren artean lausotzen ote dira, eguneroko zalapartak irentsita.
Telefonoz deitu didazu esanez «bixita» izan duzula, Xabier laguna ikusten izan zarela Lannemezango (Frantzia) kartzelan, eta harek mezu bat eman dizula niretzat. Erositako prezioan saldu didazu: Isatseko gurutzeari buruz idatzitakoak irakurri dituela, ama Pilik eraman zizkiola haraino. Izan ere, gurutzea, haien familian jazotako ezbehar izugarriaren lekuko zela. Eta hara non, Oreretatik 223 kilometrotara, Lannemezango horma hotz haien artean oihartzun egin duten Isatseko maldako gurutzeaz idatzitakoek.
Eskatu didazun bezala, hitzordua egin dut Pilirekin, eta kafetxo baten bueltan kontatu dizkit ezbehar haren ingurukoak.
Lehenik eta behin, gustu handiz egingo dudan zuzenketa egitea dut zor. Gurutzea ez, baizik eta hilarri zuria zen, eta haren barruan zegoen gurutzea.
Intzinarte baserrikoa da Pili. Aitona Fernando Olaziregi, hara ezkondu zuen Añabitarteko amona Fermina Etxeberria eta sei senidetan bigarrena zen ama Maria bezala. Amaren hurrena zen Joxe Olaziregi Etxeberria, Piliren osaba, historia latz honetako protagonista.
Joxek 27 urte zituen istripu hartan bizia galdu zuenean. 1936ko gerran errepublikazaleekin ibilitakoa, ezkontzeko bezperetan, semea jaiotzear zuela eta Intziñarteko maiorazgoa. Istripuak amets horiek guztiak zapuztu zituen.
Egun hartan, 1948ko irailaren 10ean, belarretan ari zen Joxe. Askotan bezala, denbora zukutzen. Aldamenetik arreba Mariak esan zion lanerako ordua zuela, joateko, berak jarraituko zuela belarrarekin. Joxek zeharretik begiratu zion egunetik egunera hazten ari zen arrebaren sabelari, «bai, lan horietarako hagon!», pentsatu zuen bere baitarako. Azken txanpari ekin zion, arrebaren esanei muzin eginda.
Azkeneko orduan, berandu, bizikleta hartu eta han abiatu zen abaila bizian Mastiko oxigenotako fabrikarantz. Ez zen urrun, aldapan behera… ziztu bizian zihoan, goitik behera, askotan bezala. Baina une horretan, Isatseko bihurgunean, tupust egin zuen itzain zetorren koinatuarekin, Mariaren senarrarekin, eta haren idi parearekin. Behetik gora zetozen, baserriko sagardoa Oreretan saltzetik.
Idien artean geratu zen Joxe seko, adarrek sabela irekita. Gorpu igo zuen gurdian koinatuak eta baserrira eraman zuen. Han, Mariak odoleztatutako barrenak garbitu zizkion anaiari eta atzera bere lekuan sartu eta josi zion sabela. Hurrengo egunean jaio omen zitzaion Mariari alaba, denbora aurretik, penak barrua bete eta haurrarentzat lekurik geratu ez zenean.
Urte hauetan guztietan bitan puskatu omen dute hilarria: kamioi eta auto banak. Bitan, Mariak atera zuen hilarria jo zuten ibilgailuen arrastoa, eta haien auto aseguruek atzera jarri behar izan zuten hilarria bere lekuan.
Azken istripua 2006 aldera izan omen zen. Ordurako Maria gaixo zen. Seme-alabei galdetzen zien hilarriarengatik, eta haiek ama lasaitzeko zainduta zegoela esaten omen zioten. Hilurren zela, 2008an, hilarriaz galdetu zuen; mundu honetatik joan zen puskatuta zegoela jakin gabe.
Artean, belarra motz dagoenean ikusten omen dira hilarria osatu zuten harriak.
Isatseko kontuek Lannemezanen barrena egindako bueltaren ondoren, orain badakit Maria Olaziregiren eskuak zirela txikitan ikusten genuen hilarri zuri hura zaintzen zutenak. Esku haiek jartzen zituztela lore gorriak.
Otu zait Isatseko bihurgune eraberrituan ederki merezia duela lekua Joxeren hilarriak. Akaso norbaiten eskuek zainduko dute Mariaren loreen eta Zapiainen bertsoen memoria.
Mariak zaindu zuen Joxeren eta haren heriotzaren memoria urtetan. Orain Pilik zaintzen duen gisan Xabier semearen memoria. Ez dakigun ahaztu etxetik urrun jarraitzen duela, preso, eta etxean behar lukeela aspaldi.
Agurtu garenean irribarre batez esan dit, «ilusioa egin zidan». Plazera nirea jakitea Isatseko kontuak norabaitera iritsi direla, eta balio izan dutela Mariak hainbeste tentuz zaindu zuen memoriari aletxoa ekartzeko.
Jean Paul idazle eta poeta alemaniarrak esan zuen: «Memoria da kanporatuak ezin izango dugun paradisu bakarra». Memoria gara, batez ere.