Euskara naiz
Akaso inoiz galdetu diozu zeure buruari zer zaren. Zein leku ote duzun munduan. Postontzia zabaldu eta gutun batean aurkitu dut erantzuna: Euskara gara. Sinple bezain tinko. Abendua euskararen hilabetea izaten ari da niretzat. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean ipini dut oin bat. Edonondik euskararen bueltako berriak datozkit, eta gehienak ez dira onak. Badirudi euskara maite ez duten horiek guztiak, euskararen kontra aritzeko altxatu direla.
Alertan jarri nau UEMAk Siadeco ikerketa etxeari 2036an euskararen egoera zein izango den aztertzeko eskatutako ikerketak: Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 Proiekzio demolinguistikoa. Emaitzak oso kontuan hartzekoak dira. Izan ere, daramagun bidetik, urte horretarako arnasguneak desagertu egingo dira.
Mondragon Unibetsitateko Ane Urizar irakasleak bere tesian dio, jaioberrien herenak ama atzerritarra duela; gurera etorri direnetatik 100.000 lagunek nazionalitatea dutela; Euskal Herrian bizi garenon 28-40 urte arteko 3 lagunetik 1 atzerrian jaiotakoa dela, migrazioak, emakume aurpegia duela; datozen 20 urtetan, berriz, Euskal Herritik kanpoko 500.000 lagun iritsiko zaizkigula. Ufa! Hori guztia, migrazioa kudeatzeko eskumenik gabe.
Ondorioa garbia da: euskaldun zuriak gastatzen ari gara; gero eta gutxiago eta gero eta zaharragoak gara. Ikuspegi horretatik, etorkizuna ez da oso itxaropentsua.
Egun hauetan, bestalde, gero eta ozenago entzuten ari gara euskararen kontrako oldarraldiak euskara larrialdi linguistiko egoerara eraman duela. Eta guk, euskara izan nahi dugunok, indarraldian sartu behar dugula. Parean, baita ere, dena ez dela galdua eta oraindik badugula zer eta non egina ikusi eta sentitzeko aukera izan dut. Albiste ona da, esna gaitezkeela.
Ikastolen ekitaldian ezagutu nuen Sunita Camblog. Angeluarra (Lapurdi) da bera, 20 urteko neska gazte euskalduna eta beltza. Txikia kantatu ondoren azaldu zigun zergatik den berezia beretzat eta nola euskaldun zurien aurreiritzien kontra egin behar duen sarri. Bere etxean euskaraz ari baita familia, eta bere amatxi Seaskako sortzaileetako bat izan zen. Beraz, pentsa zeinen normalizatua dagoen euskara berean.
Abenduaren 3an Zetak musika taldeko Pello Reparaz RTVEko saio batean elkarrizketatu zuten, Madrilen: Euskararen eta Nafarroaren Egunean, eta ez kasualitatez. Haien arrakastaren zergatiaren bila aritu zela esan zuen, eta lastoa bereizi ondoren, zer eta euskara geratu zela. Euskara dago bizitzen ari diren arrakastaren olatuaren azpian.
Abenduan jakin dugu, bidenabar, bera izan dela 24. Korrikako kantaren sortzaile eta abeslaria. Kantan Euskara gara leloak pisu handia duela dio: «Bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu berri bati buruz ari gara». Euskararen herria munduko era guztietako zapalkuntzetatik ihesi datozen guztientzako «aterpe irekia» dela esan du Pellok aurkezpenean. Eta euskararen bidez eraikiko dela zapalkuntza orotatik babestutako «komunitate berdinzale eta zabala». Begiratu ingurura, zenbat Euskal Herri Euskal Herri bakarrean!
Beste oina abenduaren 27an ipiniko dut. Bilbao Arena oihu ozen batekin bete behar dugu, euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egiteko. Pizkundea deitu diote saioari, euskararen etorkizuna jokoan dago eta euskaltzaleon garaia da: esnatu ala hil. Hizkuntza politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatzeko. Euskara denon ardura da.
Zer gara euskara bera ez bagara? Xiberutikan mendebaldera irrintzi zahar bat aho gaztetan, artzai gazte bat kontu zaharretan. Lauburu bat gâteau batean baino Euskara gara!
Euskarak etorkinak behar ditu eta etorkinek euskara behar dute, Arranoaren hegaldia lumadi berriaz. Zeinen ederra izango den zapalkuntzetatik ihes etorritako euskaraz ari den Euskal Herri berri hori!
