Altzaten Inn
Uste baino gehiago kostatzen ari zait Kaputxinotako tuneletik irten eta begien aurrean zabaltzen den paisaia berrira ohitzea. Errioaren beste aldean, hainbat etxetzar berri, zubia, errioertz eraldatua, harmaila, eta artean altxatzen ari diren eraikuntzak. Begira jotzen dute, era berean, eraiki duten paseoak, ongi marraztutako belardiak eta Altzate alde batetik bestera zeharkatzen duen bidegorriak. Ongi ematen du lorategiak, nabaria da berdetasuna.
Hala ere, parke polit hori, izan zitekeenaren bezpera baino ez da. Ez gaitezen engaina. Ez dugu ahantzi herritar askok, Altzate parke izatea eskatu genuela. Hamaika logika argudiatu ziren ongizatearekin, naturarekiko errespetuarekin, denontzako bizi-kalitatearen zaintzarekin eta legeriarekin berarekin zerikusia zutenak; baina zenbateko balioa dute horiek guztiek diruaren eta hazkundearen aurrean, higiezinena tarteko? Horixe da, bada, daukagun mundua. Eta mundua eta bizi-kalitatea neurtzeko ditugun manerak.
Altzate, orain, leku bat da munduan. Munduan leku izateko —kapitalismo basatiak ulertzen duen moduan, bederen—, beharrezkoak diren elementuak badituelako: baditu espaloiak, farolak, kaleak, TAO, hotela, eta, batez ere, porlana. Zenbat diru balio ote du gaur Altzate berriak? Nola utzi galtzen diru hori guztia ameslari erromantiko batzuen asmo eroengatik? Zer irabazi lortuko genituzke errioari padura itzultzearekin; migrazioan pausalekua behar duten hegazti triste horiek pausa daitezela haientzako propio prestatutako erreserbetan… Aberastasuna dirutan neurtzen den lekuan, dirua ematen ez duena soberan dago.
Akaso antzeko zerbait sentituta idatziko zuen Pello Zabaleta oreretar bertsolariak 1946an Oraingo Errenteriari bertso-sorta. Hala zion lehen bertsoan: «Orain berrogei urte gure Errenteri kasik esan lezake ez zela ageri; urtetikan urtera aunditzen da ari, ordutikan onera Parisa dirudi».
Ezin guk gauza bera esan, noski. Orain berrogei urte jada ederki hazita zegoen. Garai hartan, Altzateko parajea Campsa izenez zen ezaguna, Campsaren erregai depositu mordoska zeudelako. Nork esango zuen lurrarekin berdinduko zituztenik inoiz, eta urtetan, ahal zuen moduan, natura jabetuko zela berriro orube hartaz.
Nork daki, gaur Altzateko eremua okupatzen duten eraikuntzen azken eguna ez ote den iritsiko noizbait; orduko biztanleek ez ote duten aukera izango, berriro, Altzateko eremuaren gainean erabakiak hatzeko… badakizu, hemen ezer ez da betiko. Nahiko nuke, etorkizuneko jendeek egin ditugun akatsetatik ikasi eta mundua guk eraman dugun bidetik at zuzentzea. Garai hartako munduan beste balio batzuk agindu dezatela!
Bertsoetara itzuliz, joan den mende hasierako Orereta hura Paris iruditu zitzaion Zabaletari. Zerbait esango luke Altzate kaleko 15. zenbakian eraiki duten hotela ikusiko balu, Paris inguruko edozein hotel dirudi, egiazki.
Sirena hotsa eta errioari zerion kirats artean hazitakoak gara. Keak lausotutako ume begi haietara zaila zen imajinatzea inork aukera zezakeenik Orereta opor leku. Hori ere aldatzear omen da. Altzaten zabaldu dute herriko bigarren hotela. Hori bai, ingeles izena jarri diote, San Sebastian-Errenteria luzapenarekin.
Nekeza da Donostiatik zazpi kilometrotara kulturalki bizitzea. Orain arte lortu dugu, hiriburukoaren inbidia gutxi duen bizitza eta eskaintza kulturalari eustea erraza izan ez bada ere. Ez dadila inor nahastu, Altzate Orereta da eta ez San Sebastian.
Zabaletaren bertso amaiera pare-parean datorkit bukatzeko: «Orra hamabi bertso paperian bete, ez nuan deskantsurik au egin bitarte; ustez ez diot egin nik iñori kalte, itzik utsegin badet barka nazazute».
