Komertzio txikia bizirik!
Zer diren umetako oroitzapenak! Badute beren kolorea, zaporea. Izaten dute beren soinu banda. Eta izan dezakete, askotan ere, beren tenperatura. Hor diraute, memoriaren ertzen batean lozorroan, aharik eta kolore, zapore, hotz-bero edo doinuren batek esnatzen dituen arte.
Antzinako postal gisako oroitzapena datorkit. Ilun dago, eguna artean argitu gabe. Bederatzi bat urteko neska kozkorrak bagoaz, presaka, maldan behera ikastolarako bidean. Han behean, malda amaieran, kaleak gurutzatzen diren lekuan dago goizeroko gizona. Ezaguna da, aitak pezeta batzuk eman eta «traeme el periodico» esan zigunean ezagutua. Ez genuen sekula bere izena jakin. Hurbiltzen gintzaion, egunkariaren izena esan, eta eskuan genituen txanponak luzatuko genizkion. Ez dut gogoan hitz gehiago esaten genituenik. Akordatzen naiz, baina, gizonaren hatzez; hatzik gabeko eskularruetatik irteten zuten hatz hotz haiez.
Memorian urteen poderioz postaldutako oroitzapenak argazki zaharrek izaten duten kalitate bera du. Ongi definitutako marrek, kontraste ia perfektuko argiek, irudi garbia dute. Eta denen artean, estufa zaharra nabarmentzen da, estufaren gorritasuna. Etxetik ateratzeko, han barrenean ikusten genuen gorritasuna gizona han zegoela eta egun hartan ere gauza bakoitza bere lekuan zegoela iragarriz.
Estufaren gorritasun hari esker dakit nire oroimena ez dela zuri-beltza, neguko argitzeke egun hotza izan arren, epeltasuna ematen dio. Oroitzapena denboran eta espazioan kokatuz. Orain ohartzen naiz estufa eta gizon harek Oreretako goizetan zuten esanahiaz.
Leku hari, periodistaren izkina esaten zion jendeak. Eta urte luzez, horixe izan zen periodista lanbideaz izan genuen lehen ideia.
Gaztetan, periodista zaharrari semeak hartu zion lekua. Parrandatik etxerako bidean ikusten genuen, maldaren hasieran, eta guk geuk ateratzen genituen txanponak poltsikotik aitak esnatzerako egunkaria eskura izan zezan. Haren haserrea xamurtuko zuen itxaropenez.
Egunkariek pilan jarraitzen zuten txukun. Bagenekien semearen izena, Bixen, baina ez genuen hitz askorik egiten harekin. Egunkari pilen gainean ageri ziren txanponek iragartzen zuten ia erritu bihurtu zen tratu berria. Bixen lo zegoenean, gustuko egunkaria hartu eta zegozkion txanponak pilaren gainean uzten genituen, Bixenen loa zaintzeko kontu handiz, gainera. Pentsatzen jarrita, zenbat esaten duen erritu moduko harek oreretarrongatik, Bixenengatik eta gure gaztaroko –orduko garaiak ere ez ziren errazak–, elkarbizitzaz eta errespetuaz.
Egun batean, ordea, gertatu zen: Bixeni lapurtu egin zizkioten jendeak zintzoki utzi dituen pezetak! Ez genuen ulertu. Nola zitekeen Bixeni lapurtzea!
Helduak egin gara eta Bixenek aspaldi utzi du izkin hura. Aierberen edo periodistaren izkina izatetik, Loteriaren izkina izatera pasa da lekua. Oreretako beste hainbat izkinetan goizaldetik egunkaria saltzen aritzen zirenak kale izkinetatik kioskoetara pasa ziren.
2022ko azaroaren 11ko HITZA-k zioen «kioskoen etorkizuna hari batean» dagoela. Izan ere, zeuden bost kioskoetatik hiruk pertsiana bota behar izan dute.
Gaur beste malda batetik gora noala udaletxe aldera, denda bateko erakusleihoko iragarki handia ikusi dut bere itxiera iragartzen. Horrek esnatu du lozorrotik bizimodu, balio batzuen garaia, gordetzen duen postala.
Gure dendak ixten ari dira. Eta haiekin hiltzen ari da bizitzeko modu bat, harremantzeko modu bat. Krisia, jendearen kontsumo ohitura aldaketek eta Administrazioak jartzen dizkien traba eta gero eta betebehar inposible gehiagok ito dituzte.
Foru Aldundiak ezarri duen TicketBAI izan da «urak gainezka egiteko falta zen tanta». Azken tanta, askorentzat.
Gotzon Kamatxo Zumardiko kioskoko saltzaileak herritarrekin izan duen tratuari buruz zioen: «Kioskoak harreman polita ekarri digu. Inguruko dendetakoekin ere, noski; elkar zaindu dugu beti. Azken batean, eguneroko familia dira».
Udalak, eta udala diot gertuen dugun administrazioa delako, lehen lerrora ekarri beharko luke denda eta komertzio txikien biziraupena. Denak ixten direnean, gure kaleak leku hilak, mortuak eta arriskutsuak bilakatuko dira. Eta hori ez da ona izango inorentzat. Are gutxiago herritarrontzat.