Beroa eta arrazakeria
Aurtengo udako hitza zein izan den galdetuko baligute, gehienok, seguruenik, Beroa izan dela erantzungo genuke. Izerdi patsetan blai pasatako egun eta gauek beste bizitza batekoak dirudite orain; hotzak, edo freskurak nahi bada, harrapatu gaituen egun hauetan. Nork ez du esan, bada, «Hau da beroa!» pasa den udan, behin sikiera?
Gure hiztegietara beroaren bueltako hainbat hitz berri ekarri behar izan ditugu, tenperaturak gora egiten zuenero sentitzen genuena adierazteko aurreko hitza hotz geratu balitzaigu bezala. Graduak gora zihoazen horretan, bero gradua definitu nahian hitz bat bestearen atzetik gastatu edo urtu zaigu: bero, sargori, sapa, lanbero, bero-bolada, berote, beroaldi gisako hitzak geureganatu ditugu.
Guztiok, gutxiago edo gehiago, eguzkitik eta berotik ihesi ibili gara. Ihesean, tramankulu berriak ekarri ditugu etxera: haizegailuak, pinguinoak, aire-egokituak eta abarrak.
Inork gutxik uka dezake, jada, berotea, gure kontsumo gose aseezinaren ondorioa ez denik. Hor gabiltza sorgin-gurpil zoroan sartuta. Aspalditxo dakigu munduak jasan dezakeen baino baliabide gehiago xahutzen ari garela, eta gure bizimodu honek kutsadura areagotzen duela.
Horrek guztiak tenperaturan ondorio zuzena du. Lurraren eta itsasoaren tenperaturak gora egiten ari dira neurri gabe. Gu babesteko erabiltzen ari garen moduek, ordea, energia kontsumoa eta kutsadura handitzen dute. Eta, hara, gurpil zoroa bira eta bira, kontrola galdu arte.
Uda honetan irakurri dut bero-horma batek banatzen dituela Sao Pauloko (Brasil) Morumbi auzo esklusiboa eta aldamenean duen Paraisopolis Sao Pauloko 2. favela handiena. Izan ere, lehen auzoan 30 gradu neurtu direnean, bigarrenean 45 pairatzen ari ziren. Bataren eta bestearen arteko 15 graduko aldearen begien bistako arrazoiak, etxebizitzak eginda dauden material motak, landaredia eskasia eta hiri-plangintza dira. Azpian, baina, ingurumen-arrazakeria dago. Gehiegizko beroaren gaineko gogoetak ekarri didan hitz berria da hori: arrazakeriaren enegarren aurpegia, alegia.
Adiskide batek bere taldeak Londresko Udalerako egin duen ikerketaren berri eman dit, argudio berriak gehituz nire gogoetari. Aire-egokitua duten eraikinez betetako kale batean tenperaturaren neurketa egin dute ikerketa horretan. Kale horretan, tenperatura 7 gradu altuagoa da aire-egokitua ez duten eraikuntzaz osatutako kale batean baino. Nori ez zaio gertatu inoiz kalean doala halako batean bero-lamada sentitzea, zaplazteko baten moduan?
Nonbaiten gradu batzuk jaisteko, beroa kalera jaurtitzeko makina baita aire-egokitua. Beste era batera esanda, guk soberan ditugun graduak aldamenekoari botatzen dizkiogu makina horien bidez. Eta noren esku daude, batez ere, aire-egokituak, eta noren esku ez daude? Jendartean ditugun arrakala guztiekin batera, hortxe beroak eragiten duen beste arrakala: gure beroa aldamenekoentzat. Eta horrela, begiekin ikusi ezin dugun horma bada ere, alde bat eta bestea garbi zatitzen du; bero-horma, horma izaki, azken batean. Kalea «denon etxea» dela ulertu eta onartzen ez dugun bitartean, halaxe kontuak.
Uda honetan askotan pentsatu dut asmakizun bikaina izango litzatekeela bero hori guztia gorde ahal izatea negurako. Hori lortzeko gai izango bagina, akabo soberan dagoen beroa besteei botatzea, gure etxea hozteko kalea neurri gabe berotzea.
Bazekien, ongi jakin ere, Charlot-ek (Charles Chaplin) XX. mende hasierako aktore eta komiko handiak esan omen zuenean: «Mundua bitan banatzen da: daukatenak eta ez daukatenak». Ni harekin.
Zentzu horretan, uda honetan, gure mundu zahar hau pixka bat bizi-ezinagoa bihurtu da.
