Ez da etengo haria
Sortu ninduzun egun berdinean joan zara. Mundura ekarri ninduzun egunean elkartzen gintuen zilbor-hestea moztu zuen sendagileak, bi izan gintezen, eman zenidan bizitzan nire kabuz has nendin. Eta une hartan bertan, maisuki hasi zinen betirako lotuko gintuen maitasun haria harilkatzen, hari mehe eta ikusezina. Zuk zenekien bezala, umil, etenik gabe, maitasunez eta mimoz, zalaparta handirik gabe, tinko eta zintzo.
Naizen honen ia guztia zor dizut. Ikastolara eskutik eraman ninduzun lehen egun hartan unibertso oparoa zabaldu zenuen niretzat. Etxetik eraman genuen euskara, zuk goxo-goxo irakatsia. Euskaraz eta euskaratik erakutsi zenigun mundua, nor ginen eta zer defendatu behar genuen. Kantatzen zenizkigun kanten, kontatzen zenizkigun istorioen bidez gero ikastolan sakondu genuen euskal kulturaren itsasoan murgildu gintuzun. Leiho honetan bertan, martxoaren 8aren harira idatzitako hartan, esan nuen sentitzen nuela nire eskuineko eskua zure ezkerreko eskuari sendo lotuta. Zuk lotzen ninduzula 80 amamen katera —Neolitotik hona dagoen distantzia 80 amamek osatzen duten katea omen da, Jorge Oteizak esan zuenaren arabera—, eta zure eskuaren barrena iristen zitzaizkidala amama haien guztien jakintza, babesa eta minak ere bai. Unibertso horren katebegi bihurtu ninduzun, eta haren barrena gidatu nauzu samurtasunez.
Ibili ditudan bide guztietan atzean izan zaitut beti, zaindari, hariari eusten. Behar genuenean haria laxatuz eta haria tiratuz aterpea behar genuenean. Ama hitzaren tolesdura guztietan aurkitu zaitugu, tolesdura horiek guztiak bete dizkiguzu, eskuzabaltasunez. Ederki zaindu eta eutsi duzu gure etxea, zuretzako geldituko ote zen begiratu gabe eskaini diguzu dena, baldintzarik gabe, mugarik gabe.
Aitak gutako bakoitzari esan zigun «zaindu ama», guk imajinatu ere egin ez genituen arren, bere azken hitzak izan ziren haietan. Zenbat ikasi dugun geure buruez aitak eskatutakoa betez; zu zaintzea gure burua ezagutzeko eta zaintzeko modua dela erakutsi baitiguzu, ama.
Joan zarenetik isil eta apal urte hauetan guztietan ehunduz joan zaren maitasun sarea agertu zaigu begi aurrean, tupustean. Joan zarenetik hurbildu zaigun lagun bakoitzak berarentzat maitasunez eta leialtasunez trikotatu duzun ehun zatia erakutsi digu. Eta, horrela, zati horietako bakoitzak osatzen duen osotasunaz, babestuko gaituen maitasun oihalaz bildu gaituzu. Zu agurtzeko elizkizuna hastear zela, emakume bat hurbildu zitzaidan. Besarkatu eta «elegantea zen zuen ama» esan zidan. Bai, hala uste dut nik ere, hala zarela, elegantea.
Eta orain arraroa da zure hutsunea, ama. Entzun nahi dut zure ahotsa, zurekin besarkada batean urtu. Luzatzen ditut besoak, eskuak, hatz puntekin zure hatz puntak ukituko ditudalakoan, zure eskua estutu nahian. Ikasten ari naiz alferrik bilatuko zaitudala kanpoan, nire baitan aurkituko zaitudala nahi dudanero, hertsiki niri lotuta, hari mehe eta ikusezinak elkartzen gaituela. Zure absentziak jabearazi gaitu zeinen handia eta ezinbestekoa izan den zure presentzia.
Bizitza eman zenidan egun berdinean joan zara bizitza honetatik, hanka puntetan.
Poza eta mina egun berean. Zuri ikasi nizun bizitza ez dela beti erraza eta polita. Ederki ipini nau nire lekuan.
Ezpainetan irribarre zabala duzula joan zara, opari hori egin didazu. Eskuzabala izan zara horretan ere bai. Sortu ninduzun egun berdinean joan zara, ama. Zilbor-hestea eten ziguten eta bi izan ginen egun berdinean bat egin gaitu maitasun hariak betirako, eutsiko gaituen korapilo askaezina lotu duzu.
Zoaz lasai aitarengana, maitasun haria ez da etengo, guk zainduko dugu. Mila-mila esker bihotzez denei, eta zauden lekuan zaudela, batez ere, zuri, amatxo.