Ekiherri: teilatuetako utopia
Utopiak esan nahi omen du «existitzen ez den lekua», ez-lekua, inon ez dagoena, existitzen ez dena. Uda honetatik aurrera, ordea, utopia Agustinetako Egiluze ikastetxeko teilatuan lekutuko da. Izan ere, teilatu horretan muntatuko du Ekiherrik, Errenteriako Energia Berriztagarrien Komunitateak, bere lehen instalazio fotovoltaikoa. Ekiherri komunitateak, nahi duten herritarrez osatutako irabazi asmorik gabeko kooperatibak, hain zuen.
Hainbat helburuk lotzen dituzte dagoeneko Ekiherri osatzen duten herritarrek: Orereta erreferentzia izatea energia berriztagarrien garapenean, eta hartara, baliabide fosilekiko mendekotasuna murriztu ahal izatea; gure energia-kontsumoa murriztea eta, aldi berean, gure energia-faktura murriztea; energia burujabetza aldeko apustua egitea, erabakiak guk geuk hartuz; mugikortasun jasangarriko proiektuak gauzatzea; gizarte-kohesio handiagoa eta bidezko transmisio energetikoa sustatzea; klima-aldaketaren aurkako borrokan eragile aktiboak izatea; gure bizi-kalitatea hobetzea; eta, azkenik, gure ekonomia bultzatzea, horretarako bertako elikagaiak eta 0 Km-ko produktuak sustatuz.
Helburuak ez dira, ez, ahuntzaren gau erdiko eztula. Helburu batekin, hirurekin edota guztiekin bat egiten dugunon utopia da, zalantzarik gabe, Ekiherri. Gaur egungo energia eredua eraldatu nahi duten herritarrek sortu dugun erakunde edo tresna da, energia berriztagarrien proiektuak sortu eta garatzeko gaitasuna duena, Oreretan bertan eta oreretarron parte-hartzearen bidez.
Energia gure bizitzarako, lanerako eta aisialdirako oinarrizko behar nagusietako bat, funtsezkoa, bilakatu da —edota bilakatu digute, esan beharko genuke, akaso—. Eskandalagarria da mozkinekin gertatzen ari dena, baina. Argindar kontuez ari garenez, begira diezaiogun Iberdrola multinazionalaren inoizko handienak izan diren irabaziei: Iberdrolak 2023an 4.803 milioi euroko irabaziak izan ditu, errekorra lortuz. Aurreko urteko datuekin alderatuta, iaz 2022koen aldean, %10,7 handitu ziren energia enpresaren etekinak. Sei urte daramatzate, urtez urte, emaitzak hobetzen. 2022an, esaterako, %11,7ko igoera izan zuen, aurreko urtearekin alderatuta.
Iberdrola mozkinak pilatzen ari den denbora bertsuan, justu, pobrezia energetiko terminoa sartu da gure artera. Paradoxikoa da, etekinak hazten doazen heinean, zaurgarritasun energetikoan dauden herritarrak eta familiak handituz joatea. Ezin da ulertu; ez genuke ulertu behar, eta gutxiago onartu.
Zer egin dezakegu neurri horretako errealitatearen aurrean? Zer egin dezakegu gure txikitik monstruoak erremediorik gabe ia irentsi gaituela dirudienean?
Begiak itxi eta zoriaren mende utz dezakegu gure burua ea norbaitek edo zerbaitek salbatuko gaituen zain; edo begiak zabaldu eta saia gaitezke harro bizitzari aurre egiten eta inoren zain egon gabe guk geuk iniziatiba hartzen eta gure bidea egiten.
Utopia izan liteke pentsatzea bizitza haien mozkinen komenientziara antolatzen ari den kapital handiari aurre egin diezaiokegula, alternatibak bila ditzakegula edota, zergatik ez, bizimodu berriak asma ditzakegula.
Eta hara non, utopia lekutzen ari da gure bailarako teilatuetan. Oreretan Ekiherriaren gisara lekutu da Argitturri Oiartzunen, lekutuko da Iratzerri Lezon, eta etorriko dira gehiago, atzetik.
Ekiherri 90 oreretar bazkidek osatzen dugu, dagoeneko. Egiluzeko instalazioak 170 bazkideri zerbitzua eskaintzeko ahalmena du. Garaiz zaudete, beraz, utopia honetako partaide izateko. Jo ekiherri.eus atean eta zehaztasun gehiago aurkituko dituzu, ongi etorria izango zara
Handira jokatu behar dugu, oxala utopia teilatuz teilatu lekutzeko ahalmena izango bagenu. Elkarrekin aritzen bagara lortuko dugu, guk ere sor dezakegu gure energia: herrian sortu, herrian kontsumitzeko. ■