Ahaztuko ez ditugulako
Topoko maldako zutabe batean irakurritako txartel batek atentzioa emanda joan nintzen Reina aretora, La Ilusion elkarteak iragartzen zuen dokumentala ikustera. Dokumentalak Maria Josefa Sanzberro Etxeberria Maddi oiartzuarrari gertatutakoa kontatu zigun. Sarara (Lapurdi) ezkondu zen, eta han harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak. Eskuzabala izan zen Maddi, eta, bere erara, elkartasuna praktikatu zuen, erresistentziaren hainbat saretan parte hartuz. Sarako udal funtzionario batek salatu eta naziek atxilo eraman zuten. Hainbat kontzentrazio esparrutan gorriak pasa ondoren, Sachsenhausengo esparruan (Alemania) hil zen, 1944ko azaroaren 13an, 49 urte zituela. Sarako hilerrian, Deportee 1939-1945 resistante dioen hilarriak oroitarazten du.
Maddiren historiaren berri izateak bihotza uzkurtu zidan. Nola zitekeen ankerkeria horren berririk lehenago ez izatea?
Ondoren, aretoa lepo bete zuen jendearen arteko solasaldia hasi zen. Eta hara non jaso nuen iluntzeko bigarren ezustekoa: gure herrian, Oreretan bertan, badugu kontzentrazio esparruetara deportatutako herrikide bat: Francisco Heras Gomez, 1916ko abenduaren 28an jaioa Andramari kaleko 7. atarian. Mauthausen-Gusen (gaur egun Austria, garai hartan Alemania) kontzentrazio esparruan erail zuten naziek 1941eko irailaren 29an, 25 urte zituela. Zur eta lur geratu nintzen.
Etxera joan eta nire buruarekin bakeak egite aldera edo, Franciscoren bila hasi nintzen sareetan. Berehala topatu nuen La Ilusion elkarteak Oarso aldizkarian idatzitako Deportado a los campos nazis. Un errenteriarra en Mauthausen-Gusen.
Sinetsi ezinik irakurri nuen. Stalong-go (Alemania) gerra presoen esparrutik, Mauthausen-Gusekora eraman zuten 1940ko abuztuan, beste 1.100 bat presorekin. Horietatik, 1.054 Espainiako Estattuko errepublikarrak ziren. Izen-abizenak kendu, eta bularrean josi zioten 3.385 zenbakia bihurtu zen, agindutakoan alemanieraz oihukatu beharrekoa. Zenbakiaren gainean triangelu urdinean brodaturik S (spanier) letra zeraman, ironikoki errepublikarrak aberrigabe gisa identifikatzeko era zen hura. Aipatu idatziaren arabera, armadatik eta errepresio frankistatik ihes egin zuen eta Frantziako Errepublikak langile militarizatu gisa erreklutatu zuen Alemaniak erasotu zuenean. Naziek 10.000 errepublikar inguru hartu zituzten preso; horietatik 1.500 baino gutxiagok lortu zuten bizirautea, erdiak 1945ean askatasuna lortu eta hurrengo urtean hil ziren, esparruetan pairatu zuten bizi baldintza kaskarren ondorioz.
Patua partekatu zuen hogei bat donostiarrekin, beste hainbeste irundarrekin, bi hernaniarrekin, ehun bat gipuzkoarrekin, 300 euskaldunekin, kontzentrazio esparru horretatik pasa ziren 200.000 lagunekin eta naziek beren interes maltzurretarako Europa osoan zituzten lantegietara, tailerretara eta harrobietara esportatu zituzten bost milioi esklaborekin.
Reinan zegoen beste deportatu baten senideak esandako hitzek nire baitan oihartzun egiten dute: «Ahaztuen artean ahaztuak dira».
Hurbildu naiz Andramari kaleko 7. atariaren parera. Lurrean plaka bat dago Franciscoren omenez. La Ilusion elkarteak jarri zuen 2012ko irailaren 29an, erailketaren 71. urteurrenean. Akaso, plakaren mutur bat altxa beharko litzateke handik pasatakoan estropezu egin eta gure arreta erakartzeko. Francisco eta bere gisara deportatuak izan zirenen historiak kontatzeko modukoak dira; ez, behintzat, ahanzturan erortzekoak.
Izena ere ostu eta zenbaki huts bihurtu zituzten deportatu haiek, oraindik ere badirela nor aldarrikatzeko eta haiekin nik, gutxienez, dudan zorra kitatzeko kontatu nahi nizun hau. Izan ere, ahanzten dena soilik hiltzen baita. Eta ez genituzke bigarren aldiz erailtzen utzi behar, ahanzturaz.