Munduko lekurik arriskutsuena
Usu egiten didate galdera bera: «Zenbat biztanle zarete Oreretan?». Estimazio bat eginez erantzuten dut beti. «Gehiago izan ginen, baina gaur egun 39.000 biztanle inguru izango gara» da aspalditxo honetan nire erantzuna.
Urte berrian nik neuk egin diot galdera nire buruari, eta oraingoan erantzun zehatza emango diodala erabaki dut. Horrela jakin dut, 2023ko urtarrilaren 1ean 39.665 biztanle izan ginela.
Erantzuna Errenteriako Udalaren orrian aurkitu dut. Eta orri horretan endredatzen ari nintzela, hara non topatu ditudan biztanleen gaineko arras datu interesgarriak. Izan ere, errenteria.eus/herria/estatistikak/#atzerritarrak helbidean arakatzen baduzu, nik egin dudan moduan, ikusiko duzu 2022ko abenduaren 31ko datuen arabera, 5.199 zirela Oreretan bizi ziren atzerritarrak, biztanle guztien %13,19 hain zuzen. Atzerritarren historikoa izeneko atalean ikusi dut lehen datu bilketa 2003koa dela, orduan 655 ziren, biztanleen %1,74. Duela 20 urte, 2004ean, bestalde, atzerritarrak 773 ziren, oreretarren %2,04.
Atzerritarrak nazionalitatea sorterriaren arabera atalean, berriz, Oreretan 90 herrialdetako jendeak bizi direla jakin dut; gehienak, Maroko, Honduras, Kolonbia eta Nikaraguakoak direla; eta, hemeretzi herrialdetako lagun bana bizi direla.
Ezin izan diot jakin-minari eutsi. Begiak joan zaizkit herrialde zerrenda luzera, eta badoakit hatza herrialde batetik bestera, nire baitan galderak geroz eta ozenago oihartzun egiten didan bitartean: bizi ote da palestinarrik gure herrian?
Zerrendaren arabera, ez. Edo ez zen bizi, behintzat, datu bilketa egin zuten garaian, 2022ko abenduan. Iturri bera aintzat hartuz, israeldarrik ere ez zegoen orduan gurean.
Datuak, ordea, ezin gaitu inola ere urrundu Palestinako lur okupatuetan Israel egiten ari den sarraskiarekiko kezkaz. Gure herrian Palestinan sortutakorik ez egoteak, hurbilean palestinar aurpegirik eta izenik jarri ezin izanak, ezin du txikitu gure sumindura.
Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak azken egun hauetan adierazi duenez, 23.200 palestinar eta 10.000 adingabe baino gehiago erail ditu Israelek dagoeneko. Gazako zerrendako haurren %1, egun bakoitzeko 100.
Oreretako datuetara ekarrita, eta 2022an Oreretan bizi ziren haur eta gazte kopuruarekin alderatuta, eraildako adingabe kopuru hori Oreretako 0-29 urte arteko guztiak adina dira.
Imajinatzen duzue hiru hilabetetan Oreretako 0-29 urte arteko guztiak erailko balizkigukete… Jar ote dakioke izenik horrore horri?
Bihotza uzkurtuta dugu Palestinagatik. Are txikiagoa egin zait, niri behintzat, azken hilabeteetan. Eta ezinaren, haserrearen, tristuraren, amorruaren eta kolore horietako sentimenduen zurrunbiloak erremediorik gabe irentsi behar gaituela dirudienean, hara non iluntze batean ikusi nuen gure kaleko botikako kartel argitsuan, ohi duen gisan berdez tenperatura eta ordua erakutsi ordez, letra larriz zioela: ISRAEL HITZAILE, ISRAEL HILTZAILE…
Aho zabalik geratu nintzen. Ezin nuen sinetsi nire begiak ikusten ari zirena. «Gutariko gehiengoaz jabetu den ezintasun sentimenduaren gainetik, irudimena nagusitu da», pentsatu nuen. Eta ez dizut gezurrik esango, ezinaren erdian, egileengan pentsatuz, barruan «Biba zuek!» oihua gailendu zitzaidan.
Haur batentzako —baita edonorentzako ere—, Palestina munduko lekurik arriskutsuena bihurtu da. Gure kaleetan palestinarrik aurkituko ez badugu ere, ezin gara haiekin ahaztu. Ezin diogu sorgor egin tragediari.
Munduak denentzako behar du, batez ere txikientzat eta ahulenak direnentzat. Ezin ditugu onartu bizitzarako arriskutsuak diren lekuak, batik bat gizakiak sortuak eta ekidingarriak baldin badira. Horregatik, ozen, oreretar eta mundutar gisa esan behar dut: «Yala, Palestina!».