Ezinegona
Ezinegona da azken egunotan gailentzen ari zaidan sentsazioa. Uda garaiko opor eta lasaitasun egunak atzean uzten hasi garen honetan, komunikabideetatik iristen diren berriei arreta jarriz gero, egonezina sortzea ez dirudi arraroa.
Honezkero, klima larrialdiaren aroan bete-betean gaudela inork ezin du zalantzan jarri. Azken hamarkadetan aditu handienak bazetorrela behin eta berriro ikusarazten saiatu diren arren, ez gara batzuk orain arte larritasunaz jabetu. Egunerokotasunean azalean bizitako eguraldi aldaketa sakonak, bero sapak, itsasoaren epeltasunak edota ur eskasiak edonor kezkatzeko moduko seinale bihurtu zaizkigun arte.
Itsasoko ekosistema errekuperatzeko azken aukera dugula esan eta esan ari dira hainbat herrialdetako zientzialariak, esaterako. Nazio Batuen Erakundeko 193 estatu kide astebetez elkartu berri dira, helburu garbiarekin: 2030erako nazioarteko uren %30 babestuta egotea. Baina akordiorik gabe bukatu da goi bilera.
Kaletar xumeak garenontzat zaila da ulertzea, agian, zergatik ez diren zerbait adosteko gai izan. Eta halere larritasun hori gutako askok laster ahaztuko dugulakoan nago. Ziurrenik, harik eta hurrengo oporretan berriro gure gorputzak hondartzetako uretan babarrunen gisan beratzen sentitu arte. Memoria txarreko izakiak izaki, nonbait.
Egunotan, halaber, krisi energetikoaren inguruko jakin-mina izatea ezinbestekoa dirudi. Energia iturrien afera lehendik ere kezkagarria izanik, orain prezioen igoeran jarri digute fokua. Azken aitzaki gisa Ukrainako gerra hartuta, hilabete amaieran jasoko dugun fakturaren beldur jarri gaituzte. Hori gutxi ez eta, krisi energetikoaren ondorioz kontsumorako ohiko ditugun produktu askoren lehengaien kostua igo egin dela ulertarazi digute. Eta finean, datozen urteetan inflazioa larrutik ordaintzea tokatuko zaigula.
Arduraz jokatzeko mezuen bidez, erosten dugunaren prezioa bitan edo hirutan begiratzera behartu gaituzte. Eta zeharka, gure erosketak berriro merkataritza-gune handietan egitera. Noren interesak ote atzean? Gas-matxura sinesgaitzek bezain besteko egonezina sortzen dute kezka besterik transmititzen ez duten mezu horiek. Ez dira sinesgarriak. Orain aste gutxi gure aireportuetatik abiatutako mota guztietako hegalaldiak pandemia aurreko kopuruetara iritsi zirela pozarren esan zigutenean. Ez al du horrek eraginik izan?
Oporretatik bueltan mundua zertan den jakin-nahia izan dut. Pakistango uholdeak, Palestinako etengabeko hilketak, Latinoamerikan itxuraz konkistatzaileek abiatuta talde bortxaketa praktikak eta Erresuma Batuan suizidioaren aurreko azken argazkia erakusten duen kanpaina topatu ditut. Eta jakin-minak ezinegona areagotu dit.