Lurra gure esku
Duela egun gutxi sutan ikusi ditugu Nafarroako hainbat inguru. Suteek abiadura handian egin omen dute aurrera. Oraindik bildu gabe zuten uzta, lur emankorrean egindako lan nekeza, kiskalita. Askotariko arbolek osatutako basoak, haritza eta artea nagusi ziren baso zabalak, izaki askoren bizitoki zirenak, birrinduta. Ehunka urte, ordu gutxian errauts bihurtuta.
Erretako lurren dimentsioa, milaka hektarea horien benetako tamaina, suak utzitako errautsen aurrean ikusi ditugun herritarren begiradan ulertu dugu. Kearen zapore artean, usain sarkorra sentiarazi diguten bitartean.
Ezer gutxi dakit ingurumen kontuetan; baserrian jaio eta hazitako familia badudan arren, kalekumea naiz. Baina nire erraietan sentitzen dut naturari kentzen dioguna askoz gehiago dela ematen dioguna baino.
Herri txikietan, landa-eremuak nagusi direnean, erraz ulertzen da lurrarekiko lotura beharra, lurra zaintzeko beharra. Eta zaintza horretan, ezinbestekoa landa-eremu horietako biztanleria osoaren beharrak asetzea.
Hirietan, baina, gutxiengo txikia izan ohi da baserrietan bizi dena. Halakoetan, bigarren mailako biztanle bihurtzen direla dirudi. Zer lur dira landa-gune gisa uzten direnak? Zer da lurrari kentzen zaiona? Berdin zaintzen al dira bazter guztiak? Sua ez zabaltzeko, esaterako, garbiketa-lanak garrantzitsuak omen dira. Mendietan pilatzen diren sastraken bilketa hirietako kaleen garbiketa bezain beste zaintzen al da?
Hiritarrentzat egokitutako hainbat aisialdi-gune zabaldu dira azken urteetan mendietan. Neurri egokia dela dirudi, hiri-guneetatik arnas bila igotzen direnentzat biltoki bihurtzen direlako; parrillak, zakarrak eta bestelakoak sakabanatzea saihestuaz. Baina aisialdi-guneetako erabiltzaileentzat jarritako zerbitzuak eskaintzen al dira baserrietan bizi diren guztientzat?
Kalitatezko ur-zerbitzua; nekazaritza- eta abeltzaintza-lanetarako eta etxeko kontsumorako egokia izango den ur-zerbitzua, neguko hotzak eta udako lehorteak aurreikusiko dituena. Ongi argiztatutako bideak; gau betean mendiaren iluntasunean etxerako bidea erakutsiko dutenak. Eta zergatik ez, interneterako konexio egokia; beharrak aginduta betiere berritzaileak izan diren baserritarren beharrak aseko dituena. Esaterako. Bermatuta al dituzte?
Herri txiki zein handietan landa-eremuak zaintzea garrantzitsua da. Bertan bizi direnek ere, herritar gisa, denok ditugun gutxieneko zerbitzuak izatea. Beraiek izango baitira egunerokotasunean gure lurraren zaintzaileak. Lurrari emandakoak. Gailurrak argiztatu berri ditugun honetan, oinak non jarri ditugun ohar gaitezen. Zaindu dezagun gure esku dagoena. Zaindu dezagun gure lurra.