Justifikaziorik gabe
Dendan sartu orduko, lerro luzearen erdian ikusi ditut gustuko ditudan botak. Kontzienteki, gizonaren aurrean jarri naiz, behatza luzatu eta hala esan diot, ahots atseginez: «Bota hauek… 38an?». Ezin izan dio nazka aurpegiari eutsi ozen erantzun didanean: «¿El qué?».
Euskarak ez du kaxetan gordea behar. Zapatak bezalaxe, hizkuntza bat, geroz eta erabiliagoa izan, erosoago izan ohi da. Baina beharbada, betidanik herrikide izan ditugun guztiek ez dute euskara ikasteko aukerarik izan. Edota ez dute bertakoa dena ikasteko beharrik sentitu. Baliteke. Horregatik, euskaldun zintzook, atsegin jarraitzen dugu elkarrizketa. Irribartsu. Euskaldunok ongi ikasi baitugu hiztunen arteko jarrerak nola bideratu; enpatia edota gure deserosotasuna kontrolatzen. Burmuinaren eskuinaldea eta ezkerraldea borroka bizian ditugun bitartean, gure hizkuntzarekiko sedukzioa lantzen. Zama guregain hartzen.
Baina beti ez dugu berdin jokatzen: «Botak, botak. Zertaz ari gara ba, botak. 38!». Erantzun diot zakar, behin baino gehiagotan euskalduntze egitasmoetan alperrik hurbildu izan natzaion dendariari.
Euskararen lurraldea munduko bi hizkuntza mintzatuenen artean dago, gaztelania eta frantsesa. Eguneroko komunikazioan, hirugarren hizkuntza prestigiotsua ere gailentzen zaio, ingelesa. Euskal hiztun guztiok, elebidun edo eleanitz gara, eta halere, bi ozeano arteko naufragoaren gisan burua azaleratzeko beldurrez gabiltza. Sistema hegemoniko horien artean, badirudi, diluitzen gabiltzala. Euskal hiztunok, maiz, gutxietsiak izaten garela. Eta gure artean geroz eta hizkuntza gehiago entzuten ditugun honetan, euskara erdigunean jartzeko etengabeko justifikazio bila gabiltzala.
Euskarak arnasguneak beharrezko ditu. Bai. Eta herritik abiatutako ekimen aski ezagunek sortzen diguten herri harrotasuna; korrika, puntuka, urraska edo kilometroka aritzea. Baina ez da nahikoa. Eremu labainkorretan murgiltzeko garaia bada.
Euskarak erabiltzea behar du. Plangintzaldiek eta ebaluazio bikainek markatutako adierazleez gain, herri proiektu handien erdigunea izatea beharrezko du. Udal zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza mugatuetatik, banakako espazio eta laborategi mugatuetatik, azpiegitura handietara eta jendartera zabaltzea. Herri-hizkuntza bilakatzea. Eta horretarako apustu sakonak eta ausartak ezinbesteko ditu. Herri ekimenetan sortzen den ilusioari eusten jarraituko dioten erreferentziazko eremu instituzionalak. Azken hamarkadetan sortutako hiztunen arteko sistemak dardarka jartzeko gai izango direnak.
Euskara aurrera eraman behar dela esaten entzun berri ditugu gazteak manifestazioa jendetsuan. Etengabeko justifikazioetan segitu gabe.
Nola bestela?