‘Sorioneku’, mendeen gauetik
Hizkuntzen gainean sortutako zarata guztia isiltzen denean, aitortu behar da bitxia eta zirraragarria dela hizkuntzen inguruko kontua. Misteriotsua. Nola sortu ziren, nola zabaldu, nola irauten duten munduaren globalizazio basatiaren gainetik. Nola egunero hiltzen diren zenbait hizkuntza.
Zer sentitzen ote du hizkuntza baten azken jabeak, bere hizkuntza horretan ja ezin duenean inor gehiagorekin aritu, ez duenean egundo inon entzungo. Zer jabetzen denean berekin batera galduko dela hizkuntza, mundu ikuskera bat, kultura bat, iruditegi bat, mendeetan belaunaldiz belaunaldi emana. Kito.
UNESCOren arabera, 14 egunetik behin hiltzen da hizkuntza bat mundu zahar honetan. Abiada horretan, egun munduan hitz egiten diren 7.000 hizkuntza eta dialektoen erdiak betirako isilduko lirateke mende honetan bertan.
Zer-nolako itzal luzea duen, ordea, hizkuntzaren aferak. Izango dira 5 urte baino gehiago hondakin nuklearrak zirela-eta katramila ederra sortu zenetik. Orduan esaten zenaren arabera, 2028an erabaki behar zen nola eman hondakin nuklearren berri gure ondoren mundu honetan biziko direnei. Hondakin horien arrisku mortalaren berri, alegia.
Beldurraren Adierazle Unibertsala erabaki behar. Baina nola? Nola egin ezagutzen ditugun hizkuntza guztiak desagertzen badira? Nola ulertuko dute urte puska barru Beldurraren Adierazle Unibertsala aurkitzen dutenek jada beste hizkuntza batzuk baldin badituzte?
Erronka horri erantzuteko, antropologo, arkeologo, zientzialari, eta hizkuntzalari talde bat bildu omen zen, eta urtetan ari da lanean, zertarako eta gure ondorengoen bizitzarako arriskutsu izaten jarraituko duten hondakin nuklearren gaineko ohartarazpen mezua nola utzi pentsatzeko.
Munduaren beste ertz honetan, bien bitartean, ezusteko izugarria izan dugu. Irulegiko (Nafarroa) gazteluaren inguruan zegoen herrixka baten aurrien artean brontzezko esku bat aurkitu dute, eta bost hitz ditu zizelkaturik baskoieraz edo antzinako euskaran. Haietako bat lortu dute irakurtzea: Sorioneku.
Zalantzarik gabe, euskararen jatorriaren teoriari eta euskaldunok idazten ikasi genuen datari astindu ederra eman dio aurkikuntzak. Eta, nola ez, eskua eta bertan dagoen izkribua Nafarroako bihotzean azaldu izanak. Idatzi zuenak ezin izan zuen mezu ederragorik idatzi: «Sorioneku…», bi mila urte eta hamaika zapalkuntza eta kiloka gorroto eta bazterkeria ondoren, zorionekoak euskaldunak, oraindik munduan bizirik jarraitzen duten hizkuntzen artean dagoelako gurea, hizkuntza txiki eta antzinako baten jabe garelako. Zorionekoak, euskararekin gero eta grisagoa bilakatzen ari den mundu zahartu honi kolorea emanez jarraitzen dugulako. Altxor preziatu horren jabe garelako, zorionak.
Auskalo zein hizkuntza edo zeinutan idatziko duten Beldurraren Adierazle Unibertsala. Bi mila urte barru —munduak mundu izaten jarraitzen badu, behintzat— orduko gure ondorengoek aurkitzen dutenean auskalo zer pentsatuko duten guri buruz. Auskalo iritsiko zaien mezu hori idazteko ibili ditugun komerien berri.
Kristo aurreko I. mendeko gure arbaso hark gutxi pentsatuko zuen esku artean zuen lan hura zein urrun iritsiko zen, zein oihartzun izango zuen. Ez dakigu, eta ez dugu jakingo, nork idatzi zuen, zergatik eta zertarako, nork berak egin ote zuen edo beste norbaiti agindu zion egitea… auskalo! Ziurra dena da duela 2.100 urte bazela gutxienez euskaraz idazten zuen lagun bat eta bazela, gutxienez, euskaraz irakurtzeko gai zen beste bat ere.
Esana zuen gure herrikide Koldo Mitxelena hizkuntzalari handiak zein zen euskararen benetako misterioa: bere ustez, misterioa ez da hainbeste nondik datorren euskara, baizik eta nola lortu duen historiaren joan-etorrian, hainbeste menderen buruan, gaur eguneraino heldu eta bizirik irautea.
Ez dakit argituko den inoiz Irulegiko eskuaren misterioa. Ezta euskararen
biziraupenarena ere. Sorioneku-ak, baina, eskua luzatu eta euskararen biziraupenean katebegi garenoi, aurrekoetatik jaso eta ondorengoei euskara emango diegun guztioi.