Sirena-hotsak
Oarsoaldean sirenak entzuten omen ziren sarri askotan. Lanean hasteko ordua markatzen zuten, atsedenaldia egitekoa, eta jornada bukatzekoa. Sirena bakoitzak soinu eta ordu jakinak zituenez, herritarrek ez zuten erlojua begiratu beharrik ere izaten zer ordutan bizi ziren jakiteko. Irudika ditzagun langileak saldoka etxetik lanerako eta lanetik etxerako bidean, gaurkoa baino atzealde gris eta kutsatuago batean.
Industrializazioaren garai betean, Manchester Txikian, emakume kopuru handia aritzen zen fabriketan lanean (XX. mendearen hasierarako langileen %40 baino gehiago omen ziren). Gerora ere gehiengoa osatu zuten enpresa askotan, Olibeteko galletera famatuan edota Lezoko Pakers fabrikan, esaterako. Emakume haiek, etxeko lan ordaindugabean jarduteaz gainera, ordainpeko lana egiten zuten etxetik kanpo, kasurik gehienetan gizonen soldata baino ordainsari txikiago bat jasotzearen truke. Fabriketan ez ezik merkataritzan, ostalaritzan edota neskame ere aritzen ziren.
Aurrekoek kontatuta dakigu emakume gazteek ohikoa zutela ezkondu aurretik dirutxo bat irabazteko lan egitea eta ezkontzerako lana uztea, handik aurrera bestelako zereginetara dedikatzeko. Izan ere, nola Francoren erregimenak hala garai hartako gizarteak halaxe irudikatzen zituen emakumeak, etxeko lanetara emanak, eta, zoriona lagun, segida-segidako haur multzo baten zaintzaile. Ez zegoen alternatiba handirik emazte-ama binomio horretatik kanpo. Halabeharrari iskin egiten zioten andre ezkongabeak neskazahar-tzat hartuak izango ziren; bestela, sozialki onartuago zegoen bideren bat hautatu beharko zuten, moja edo misiolari joan eta bizia kausa erlijioso eta sozialetara bideratuta, adibidez.
Gure zorionerako, aldatu da emakumeon patua, eta gure amonen aldean aske uste dugu geure burua bizia nondik eta nola bideratu nahi dugun erabakitzeko. Itxura batera, esku-ahurrean ditugu bizi-eredu eta harreman askotarikoak; amatasuna aukera bihurtu dugu destino beharrean, eta garrantzia ematen diogu norberaren independentzia ekonomikoari. Itxura batera, diot, sistemak berak ondo errotuta dituelako sustraiak gure desioetan, eta azpijokoan aritzen zaigulako are hauturik kontzienteenetan.
Lan produktiboa lehenesten dugu beste edozeren gainetik, eta lan erreproduktiboek eta zaintza-lanek ordaindu gabeak eta bigarren mailakoak izaten jarraitzen dute. Argigarria da, esate baterako, haurrak ekartzea sozialki goresten den arren, zeinen neurri eta baliabide eskasak dauzkagun eskura haiek nola zaindu nahi ditugun erabakitzeko.
Adinekoak zaintzeko beharraz ere inor gutxi akordatzen da zainketa familia barruan malabarak eginez bideratu beharreko arazo bihurtzen den arte. Bizitzako momenturen batean guztiok izango gara zainduak eta zaintzaile, ordea, eta kontzientzia horretatik hasiak gara zaintza desberdin antolatzeko beharraz hausnartzen, baita kontziliazio hitz ponpoxoa edukiz betetzeko ahaleginetan ere. Badaukagu zer irauli, bizitzak benetan erdigunean jarriko dituen gizarte-eredu justuago bat nahi badugu.
Irauli beharraz ari garelarik, (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik: egin, desegin, berregin jardunaldiak egin ziren azaroaren 11n eta 12an Donostiako Tabakaleran. Estreinakoz heldu zitzaion gaiari modu kolektiboan, eta, askotariko begiradak eta esperientziak trukatuz, aurrerantzean landu beharreko zenbait korapilo identifikatu ziren ondorio gisa. Gauza bat behintzat argi geratu zen: praktika eta eredu berriak beharko ditugu gauzak bestela egiten ikasi nahi badugu. Elkar hobeto zaintzeko moduak bilatzen ari ginen bitartean, sirena-hotsak entzun ziren han nonbait. Tabakalera zaharreko langile gehienak ere emakumeak izan omen ziren.