Gutuna: "Ez hain soziala"
Unai Moriones Salaberriak, honako iritzia bidali du HITZAra, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuaren izenean. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
Joera deritzo zerbaiten bilakaerak hartzen duen norabideari, geroz eta gehiagotan errepikatzen den horri. Bada, hau aintzat hartuta, eskualde mailan etxebizitzaren aferan gertatzen ari denari joera dei dakioke. Azken hilabeteetan Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatura gerturatu dira eskualdeko hainbat bizilagun, euren egoeren berri eman eta irtenbideren baten inguruan galdeginez. Bizilagun horiek komunean zutena, ordea, ez zen berehalakoan espero zitekeena. Alokabidek kudeaturiko etxebizitzetan bizi ziren pertsonak ziren denak.
Sindikatura bertaratutako azken bizilagunak Pasai Antxoko Eskalantegi kaleko 45. atarikoak izan ziren. Kexu ziren, beste hainbaten artean, aukeratu ezin izan duten sistemaren bitartez hiruhileko bakoitzean 900 euroak gainditzen dituen ur eta gasaren hornidura prezioen neurrigabekeriaz, komunitatearenak behar duten erabakietan dute parte hartze nuluaz, eta Alokabidek berak arazoen aurrean erakusten duten axolagabekeriaz. Aipaturikoa gutxi ez, eta bloke bereko bizilagun bat instituzio beretik hamaika mehatxu jasaten ari dela jakinarazi du, etxegabetua izango dela ohartaraziz.
Bizilagun hauek kalera irten ziren egoera hau salatzeko asmoz, baina izaera publikoa duen Alokabidek entzungor egin die beste behin bizilagunei, arazoek bertan dirauten bitartean. Gertaera honek iraganean Errenteria-Oreretako Lousada kaleko 40. zenbakiko bizilagunen bizipena dakar gogora, bertan, estreinatu berriko alokairuko sozialeko zuzkidura bizitokietan oso antzeko egoeragatik hau salatzeko hautua egin zuten.
Honek guztiak zenbait ondorio azaleratzen ditu. Alde batetik, sozial moduan eskaintzen diren bizitoki hauen gabeziak zeintzuk diren argi geratzen da. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak, ustez merkatu libreko eskaintzarako sarbidea ia guztiz ukaturik duten horiek, aipaturiko merkatu libre horretako prezioei aurre egin behar izaten diete Alokabidek kudeaturiko pisu hauetan, honek, etxebizitza sozial hauetara sartu aurrekoa edo okerragoa den egoeran uzten dituelarik. Baina latzena hurrengoa da: bizi baldintzei dagokienean ere, kaskartze orokor bati dagozkion egoerak sortzen dituen etxebizitza sistema publiko hau aukera bakarra dela pertsona askorentzat.
Gaur egun, bizitzaren garestitze orokorraren aurrean, oinarrizko bizi eta garapen elementu den etxebizitzarako sarbidea zailagoa da denontzat. Honen aurrean sozialdemokraziak eta bere barruko instituzioek eman dezaketen erantzuna arestian aipaturikoa da: miseriazko baldintzadun etxebizitzak. Eta hortaz, aipaturiko bizilagunen egoera, jendartearen pobretze orokor bat ematen den unean, zabaltzen joan liteke, pixkanaka joera bihurtuz.Unai Moriones Salaberria. Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuaren izenean.