Leialtasuna
«Irakurri dudan inkesta baten emaitzak kuriositatea piztu dit. Fideltasuna edo horren eza epaitzeko asmorik gabe, ea zuek zer diozuen: bikotekidea inoiz ez litzatekeela enteratuko seguru jakinez gero, beste pertsona batekin sexua izango zenuke?».
Txio-inkesta horixe egin nuen duela hilabete eskas. Alabaina, sarean ausaz irakurritako galdera horrek bazuen aurretik beste bat, zeinetan hasierako baldintza hori ez zen agertzen. Dagoeneko pentsatuko duzuen bezala, batetik besterako erantzunetan bazegoen aldea. Sekretua gordetzeko erabateko bermea ziurtatuz gero, nabarmen handiagoa zen baiezkoen kopurua, eta beraz, ondorioztatu dezakegu ondokoak jakiteak ekar lezakeen soka (mina, lotsa, erruduntasuna, harremana etetea…) badela kikiltzeko nahikoa motibo.
Aipatu txio-inkestan 150 lagun inguruk sakatu zuen baiezkoaren edo ezezkoaren botoitxoa, eta 24 orduren buruan, hauxe emaitza: %44k baietz eta %56k ezetz. Bistan da ez duela lagin horrek inolako oinarri zientifikorik, baina hainbat mezu publiko eta pribatu jaso nituen: leialtasunaren garrantzia, bestearen tokian jartzearen ariketa egitea, minik ematen ez den bitartean gora sexua!, egoeraren xehetasuna jakin beharra zegoela, galdera beste modu batera egin zitekeela, ez dakit aukera falta zela… Zalantzarik gabe, azterketa soziologiko serioagoa behar genuke gaiaren ertz guztiak ongi ezagutzeko, gauza jakina baita desleialtasuna egon badagoela, segur aski uste duguna baino maizago, eta uste duguna baino gertuago.
Zer da fidela izatea, ordea? Zein ekintzak edo jarrerak gainditzen dute desleialkeriaren marra? Zein egoeratan sentitzen dugu traizioaren mina? Pertsona adina arau moral izango dira, eta horiek argi izanda ere, behin baino gehiagotan funanbulista alanbrean nola, halaxe ibiliko gara gure desioen eta bikote-paktuaren arteko oreka bilatu nahian. Tentazioa tentagarria baita eta desira indartsua, alafede.
Argi xamar dagoena da bikote gehienek ziurtzat jotzen dutela elkarrekiko esklusibotasuna egongo dela, alegia, elkarri leial izango zaizkiola, eta esango nuke kasu askotan sinatu gabeko paktu hori ez dela errebisatu ere egiten harremanak irauten duen artean, kontratu inplizitu horrek betiereko iraun beharko balu bezala. Bikote harremana norberaren hazkuntzarako eskola ezin hobea izanik, pentsa liteke garapena izango dela harremanean ere, eta premiak aldatzea gerta litekeela. Halako kasuetan, honenbestez, heldutasun, segurtasun eta konfiantzaren arabera behar horiek mahai gaineratu daitezke. Edo ez. Premia horiek betetzea aukeratu dezakegu, edo arrastoan sartu eta maitasunaren —edo bakearen— izenean bere horretan egon.
Hautuak hautu, ondokoarekiko errespetua ezinbesteko baldintza izanik, ez al diogu leialtasunik handiena geure buruari zor?