Bizitza zukutu
Bart alaba pozarren etorri zait Go!azen telesailaren hamaikagarren bideoklipa erakustera; hamaikagarrena, literalki. «Bizitza zukutu eta ez gelditu», dio errepikak. Duela egun batzuk, berriz, lagun batek egun ona opatu zidan, «zukua atera» esanez. Esamoldeak berak belarrian sekulako traba egiteaz gain —limoiak edo laranjak bagina ere!— galdegiten dut zer egin behar ote den, ba, bizitza ongi eta behar beste aprobetxatzeko.
Adin batetik gorako pertsona askok izaten du denborak ihes egiten duen sentsazioa; asteak hilabete bilakatzen direlako ustekabean, eta hilabeteak urte, konturatzerako. Sentipen horretatik salbu egongo dira, akaso, arrunt orainean bizi direnak, ez atzera eta ezta aurrera ere begiratzeko tentazio edo beharrik ez duten horiek, eta, zer esanik ez, bizitza eternala dela uste duten gazteak.
Lehenengoei dagokienez, denboraren joana konpentsatu nahian, hura ahalik eta gehien probesteko obsesioa duenik ere bada, gaixotasun-edo bihurtzeraino, antza; cronopatia omen. Den den, hain muturrera joan gabe ere, denbora librea edukitzeak, eta hain justu tarte horietan «deus» egin gabe egoteak sortzen du askorengan halako erruduntasun edo, behintzat, ezinegon moduko bat.
Ideia horren haritik, nago eguna bete beharrak baduela zerikusia, hein batean behintzat, bizitza estimuloz betetzeko joerarekin, azkartasunarekin, edo beste modu batera esanda, patxada hartzeko zailtasunarekin; eta daitort izutu egiten nauela heldu eta haurrengan gero eta ohikoagoa den sosegu faltak. Patxada gutxi, hain gustukoa ez dugun abesti hori bukatu zain egoteko, kasurako; pazientzia eskasa, mugikorrean 60 segundo baino luzeagoko bideoak ikusteko; kasu horretan hatz erakuslea behetik gora eta ezkerretik eskubira mugitzea automatizatu ere egiten dugu.
Kontrara, atentzioa ematen dit kalean aurrera begira dabilen jendeak, hunkitzen nau trenean burua liburura makurtuta daramanak.. Areago, kasik iraultzailea ere iruditzen zait enaren hegaldi trebeei begira egon ahal izatea, edo tximistaren eta trumoiaren arteko segundoak adi-adi kontatzea. Galbidean dauden denbora-pasak begitantzen zaizkit.
Uste dut, baita ere, azkartasun eta estimulu horietatik at egoteak, alegia, gelditzeak, geure buruarekin bakarrik egotea dakarrela, eta agian hori ere ez dela ematen duen bezain erraza; ez denentzat, bederen. Izan ere, isiltasunak, ez mugitzeak eta denbora hori ez okupatzeak aurrez aurre jartzen ahal gaitu geure buruarekin, agian hainbeste maite ez dugun NI horrekin, eta ez da atsegina izaten eroso ez gaudenarekin denbora gehiegi pasatzea.
Edozein modutan, bizimodua mota batekoa edo bestekoa izan, bizitza zukutzea beharrean, bizitza probestea edo, nahiago baduzue, bizitzari zurrut egitea esan dezakegu. Hartara, behintzat, erdarazko kalkoak bazterrean utziko ditugu, eta euskarak bereak dituen esamoldeak erabili.