Egarria
Azken urteetan egoera distopikoak bizitzen gabiltzala errepikatu izan da hamaika kafe-elkarrizketetan edo zurito-bileretan. Inork espero gabeak bizitzen ari garela, Netflixeko zientzia-fikziozko filmak izan zitezkeenak egunkarietako titularrak dira orain.
Mundu mailako pandemia bat bizi genuen duela gutxi, eta horren ondorioek oraindik gugan diraute. Etxe barruan egon ginen bi hilabete luzez, adinaren arabera antolatutako ordutegiekin atera ginen lehenengoz kanpora, Espainiar eta Frantses estatuek erabakitakoan sartzen ginen berriro gure kobazuloetara. Jendearenganako distantzia eta deskonfiantza garatu genituen, leihotik begira epaitzera ohitu.
Ezin dugu ukatu horrek ondorio sozialak (eta psikosozialak) ekarri dituela, baina ezin dugu ahaztu iturburua ere. Naturaren zikloetan gizakiaren eskua sartzeak horrelakoak dakartza, guztia ez baita izarren hautsetik sortzen.
Atzean utzi genuen pandemia, esan genion elkarri ez genituela «momentu historiko» gehiago bizi nahi. Baina azken hilabeteetako titularrek eta pare bat elkarrizketek bizi garen mundu eta herri distopiko honen beste adibide bat jarri didate parez pare.
Zenbat aldiz esan dugu txantxa tonuan, baina guztiz sinetsita, Euskal Herrian ez zitzaigula urik faltako? Lagun batek esan zidan behin, hurrengo mundu gerraren arrazoietako bat ura izan zitekeela eta barre egin nion. Gaur, ordea, ez da barre egiteko kontua. Euskal Herriko zenbait mendi hori kolorez sumatu ditut udazkena iritsi baino lehen, baserrietako zenbait aberek ez dute belar berderik beren ohiko larreetan, Bermeon urik gabe geratu dira eta Santurtzitik daramate, Karrantzara Kantabriatik eraman dute ura, Esako urtegia %14ean dago…
Uraren kontsumoa murriztea ez da gure bizi ereduetan sartzen, ez dut uste horrelako egoerarik gure imajinarioan dagoenik. Espainiak sortutako Euskal Herri euritsuaren topikoa guk ere sinetsita baitaukagu (eta arrazoirik ez zaigu falta, e!), baina gerta daiteke. Eta momentu horretan sartuko zaigu uraren egarria, inoiz izan ez dugun hori.
Ez dirudi gure biharko arazoa izango denik, urrun ikusten dugu, baina Txinako saguzarra ere urrun zegoen. Lurra suntsitzen ari gara, erantzule zuzenak ditu horrek, baina gu ere konplizeak gara. Urik gabe geratzen ari omen gara, baina zu, zeren egarri zara?