‘Meteosensivity’ eta kantuak
Urtero errepikatzen dudan zerbait da, eta askok errepikatzen dugun zerbait da: negua, edota hobe esanda eguraldi txarra, ez dut gustuko. Mendi elurtuak, tximinietako kea, goizean goizeko izotza, zeru garbia eta arnasa sakon hartu eta hotza biriketaraino sartzen den momentu hori… Bai, oso politak, baina ikusteko sentitzeko baino gehiago.
Niri eztarriko mina eragiten didate tenperatura aldaketek, aterkiak galtzen ditut euria egiten duen bakoitzean, elurra edo izotza dagoenean autoz gidatzeak beldurra ematen dit, eta barruko berotasuna bilatzen dut egun hotzenetan. Gainera, goiz iluntzen du, goizegi kalean jarraitzeko. Nire sentsazio edota sentimenduak arrazionalizatzeko joera izaten dut, nolabait zientifikoki horrela zergatik sentitzen naizen frogatzeko beharra. Eta eguraldiarenarekin ere topatu dut sasi-intelektualen baten teoria, lagun batek azaldu zidan: meteosensitivity.
Jendartearen %30ak pairatzen duela txibatu dit Googlek, eta urtaro aldaketen lotuta egon ohi dela. Osasungintzako aldizkarietako artikuluak gomendatu dizkit gero Internetek, aldartean eta osasun mentalean eragiten duela dio batez ere, tristura sortzen duela, eta alderdi fisikoan nekea, bizkarreko mina, gaizki lo egitea, buruko mina… Ez dut irakurtzen jarraitu, badakizu, horrelako edozein artikulutan ikusten dugu gure burua islatuta, norbera gaixorik dagoela sinetsi eta hilzorian dagoela irakurtzeraino. Baina, konbentzitu dit, nik ere meteosensitivity dut.
Eguraldi txarrari diodan gorrotoari, beraz, izen zientifiko bat jarri diot, eta lasaiago nago. Baina bada neguarekin batera arrazionalki eta zientifikoki azaldu ezin dudan irrika bat. Ez naiz bereziki Gabon zalea, eta aktoreak jertse konjuntatuekin agertzen diren Gabonetako filmak ere ez ditut gustuko. Baina kantuekin lotzen dut urtaro hau.
Txikitako oroitzapen horiek ditut, Euskararen Egunarekin hasi, San Nikolas kantatuz hamaiketakoa bildu, Olentzero eta Mari Domingiri egiten genien dei, Santa Agendan makil hotsen erritmoa jarraitzea kostatzen zitzaigun, eta Ihoteetako abestiarekin auzo denen izenak ikasi.
Gustatzen zait kantuen inguruan biltzea, eta horrek sortzen duen magia. Kantuek gure herrietako kaleak hartzean, horiek ematen diote Gabon kutsua, eta ez koloretako argien distira faltsuak. Haurtzaroko oroitzapenak ditut, nerabezaroan ez zelako hain guay-a kantu zaharrak abestea, eta gaztaroan ez duzulako horrelako aukerarik topatzen. Gazteegia zara zaharrekin kantatzeko, baina helduegia haurrenera joateko. Euskaraz kantatze hutsa, eta euskaraz etxez etxe kantatzeko elkartzea, gure herriaren isla dira. Negurik hotzenetan ere eztarriak bero, eta ahal bada elkarrekin.
Tradizioa traizionatzeko joera dagoen honetan, ohitura zahar eta tradizio batzuen alde egin beharko genukeela uste dut.
Eraberritu behar dira horiek, noski, berritu. Baina zahar dena ez da txarra, eta berrikuntza oro ez da ona. Hori aspalditik ikasitakoak gara. Eta nik, meteosensitivity-ak gogorren jotzen gaituen urtaroan, kantuz jarraitu nahi nuke. Inongo osasun aldizkaritan ez da egongo sendabide hori, baina herria bizirik dagoenaren seinale dela esango nuke.