‘Rotondak’
Eguneko azken eguzki orduetan, tenperatura epel eta paisaia ederretan barrena gidatzea gustuko izaten dugu. Esku bat leihotik atera, eta ingurura begiratuz bidaiatzea polita bezain lasaigarria da, (eta autoaren atzealdean maletaren bat baduzu, zer esanik ez). Pasa den astean, ordea, ez dut pelikula amerikarrek izaten duten horrelako eszenarik bizi izan. Goizeko zortzietan lanera bidean, betiko paisaia berarekin eta ez bereziki eguzki printza epelekin egin dut goizeroko bidaia. Bideak berdina zirudien, baina aldaketak zetozen: errotonden udako denboraldia heldu da.
Uniforme fosforitoz jantzitako hiru langile zebiltzan biribilgunearen loreak aldatzen. Negu-udaberriko zuhaixka, sastraka eta landareak kendu eta koloretazko loreak jartzen zebiltzan. Arreta deitu zidan, pentsatu izan dudan arren ez baitut asmatu nondik datorkigun biribilguneak apaintzearen joera hori.
Fosforitoz jantzitako langileak ezkerrean utzi eta aurrera jarraitu dut, hurrengo irteera da nirea. Erabakiak hartzearen antzekoak dira biribilguneak niretzat, ez da erraza bide zuzen eta onenetik eramango zaituen irteeran ateratzea.
Bide ezezagunetatik goazenean, biribilguneei birak ematen dizkiegu, hiruzpalau badaezpada ere, seinale guztiak irakurri, bigarren buelta berrirakurri, hirugarren buelta… Inguruko autoak begira dituzula sumatu eta irteera bat hartu nahi duzu, baina badaezpada laugarren buelta biribilguneari, beste seinaleren bat agertuko denaren alferrikako esperantzaz. Eta azkenean, kopilotoaren eserlekutik atera hurrengoan lehor bat entzuten duzu. Zure subkonszientea edo ondoan duzun laguna. Erabakiekin antzekoa egiten dugu, izan genezakeen informazio guztia eskuartean bildu, berrirakurri, gehiago bilatzen jarraitu, eszenatoki posible guztiak imajinatu, berrirakurri gehiagoren bila. Baina buelta asko emanagatik, askotan ez dugu argiago, daukagunarekin erabaki behar.
Baina bada biribilguneetan (eta erabakietan?) asko gorrotatzen dudan jende mota bat, bozina jo eta oihuka hasteko bezain ausarta/lotsagabea ez banaiz ere. Keinukariei (intermitenteei) ematen ez diena. Erabakita baduzu non aterako zaren, zer egingo duzun, zergatik ez adierazi besteoi? Azken unera arte zain egoten gara, errepide ixkinan, aurreko autoak zer egingo zain, eta azken momentuan argi laranjarik kliskatu gabe egiten du alde, aurreikusten ez ditugun besteen erabakiak izaten dira horiek.
Biribilguneek funtzio garrantzitsua betetzen dutenaren zalantzarik ez dut, korronteak eta errepideak aurrera jarraitzeko dionean, bira bat eman, pentsatu eta beste irteera bat hartzeko aukera ematen dizute, baina buelta gehiegi ematea ere kalterako izaten da.
Erabakietan eta rotondetan, bigarren biran hartu lehenengo irteera.