Teilatu bat eta bi beso
Leku guztietan begiratu dugu, baina ez dugu bilatzen duzuna aurkitu», agertu zitzaidan pantailan, eta pertsona baten irudia lanpasaren azpian begira. Ez dakit elkarrizketa zehatza nondik abiatu zen. Agian «handitzen naizenean..» batekin abiatu nuen esaldia, eta idealista.com-en etxeak begira hasi ginela badakit. Bilatzailean Oiartzun idatzi nuen, zuzentzaile automatikoak Oyarzunera aldatu zidan, onartu nuen. Oso-oso garestiak iruditu zitzaizkigun, erosteko aukera zutenak begira ari ginela konturatu, eta alokairuen ataleko karratu horiari sakatu nion, eta orduan esan zigun pantailak «ez dugu bilatzen duzuna aurkitu».
Ez nuen piszinadun baserririk bilatu, ezta beheko solairuan pilotalekua duen gaztelurik, ezta hamar metro koadroko beiratea Aiako Harrira begira duen etxerik ere. Baldintzarik jarri gabe bilatzaileari nire herrian alokatu zitekeen etxe bat galdegin nion, eta ez zuen aurkitu. Erostearen ezintasun ekonomikoa eta zalantza politikoa alde batera utziko ditut.
Etxebizitza ez da lau pareten artean lo, jan eta kaka egiteko toki bat bakarrik. Bizi proiektu bat garatzeko zorua ere izan daiteke, edota behintzat proiektu horren zatitxo bat. Diogu garrantzitsua iruditzen zaigula herritarrek herrian garatzea euren proiektuak, oiartzuarrek Oiartzunen, alegia. Eta bertan inplikatuz ahal bada, bakoitzak erabakiko du bere modua, baina lurrari eta jendeari lotuta.
Gero eta hautu zailagoa ari da bihurtzen, ordea. Gero eta gertuago sumatzen ditut aukerarik ezak desesperatuta hirira joateko hautua egin duten lagunak; amonaren lehengusu mutilzaharraren etxea ondoko herrian alokairu erdi duin baten truke hartu dutenak; bizikidearen herrira bizitzera joateak gehiegi konbentzitu ez baina aukera onena bilakatu zaien lagunak. Bakarren batek zortea izan du, amaren kuadrillako ezagun batek bigarren etxea alokairuan jarri duelako, baina ezezagunei alokatu nahi ez dielako.
Azken egunetan telebista piztu eta behin baino gehiagotan jarri zait begien parean Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programaren iragarkia. Gaztetasuna agortuko zaidala iruditzen zait eskatzen dituzten baldintza guztiak betetzen dituen etxebizitza eta jornala topatzen ditudanerako. Marketin departamentuaren ideia ironikoa izango zen izena, Gaztelagun.
Etxebizitza etorkizunarekin lotzera kondenatu gaituztelakoan nago gaur, ni ere hala hasi nintzaiola lagunari «handitzen naizenean» izango dudan etxearen fantasia erakusten. Kontua da «handitzen naizenean…» esaldiz sortzen ditugula oraindik bizi-proiektuak, ez zaigulako erreala etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide bat eskuratzea. Eta agian, jada «handitzen naizenean» igaro dela, jada handiak garela eta amets izatetik aldarri izatera igaro beharko lukeela etxebizitzaren aferak. Nahiz eta LHn nire klasekide izandako gehienen antzera, oraindik gurasoen etxea okupatzeko aukera dudan. Badakit posizio pribilegiatu batetik ari naizela hizketan, baina ez gara pribilegio eske ari, eskubide eske baizik.
Eta beraz, ahaleginarekin konformatu behar, «leku guztietan begiratu dugu, baina ez dugu bilatzen duzuna aurkitu». Eskerrak teilatuen partez bi beso dituzten etxeak baditugun.