Etiketa-pentsamendua-ekintza (bis)
Aspaldi esan zidan Mikelek, Downen sindromea duen gizon jakintsu batek, aktorea zela eta hala errekonozitu zezaten nahi zuela. Egiten zizkioten elkarrizketetan ez zuela Downen sindromea duen aktorea izan nahi, baizik eta aktorea eta kito. Ez zuela esleitzen zioten papera bere ezaugarri fisikoenen araberakoa izaterik nahi. Niretzako irakaspen bat izan zen hausnarketa hori, zergatik izan behar gara beti jarri diguten etiketa horren araberakoak?
Etiketek, hizkuntzak, erabiltzen dugun lengoaiak… zuzeneko eragina dute gure pentsamenduetan, eta pentsamenduek gure jarrera eta ekintzetan. Zirkularra da. Gizartearekin batera, hizkuntzek ere eboluzionatu egiten duten arren, inklusioa edota berdintasuna bermatzeko hitz berriak asmatzeak ez du haien erabilera ziurtatzen. Izan ere, gaur egun oraindik oso ohikoak dira hiztegi inklusibotik at dauden hitz asko eta asko.
Urrutira joan gabe, egin ezazu zuk zeuk ariketa: behatu zenbatetan erabiltzen diren zure lagunartean, lantokian zein etxean honako adjektiboak: anormal, tonto, subnormal, retrasado… (bai, euskaldunon artean ere espainolezko hitz hauek dira nagusi). Badira, bestalde, aukerarik gabe ezinduak (gaztelaniaz minusválidos) erabiltzera derrigortzen gaituzten aparkalekuak. Komunikabideek, beren aldetik, gure ideien eraketan duten eraginarekiko kontzientzia urria erakutsi ohi dute desgaitu izenondoa erabili eta ondorioz, pertsona baten gaitasun guztiak alboratzen dituzten bakoitzean.
Egunero-egunero, bizi dugun errealitatea gure hitzekin ari gara eraikitzen. Ez dago hitz magikorik, ez eta hitz perfekturik. Baina sekulako lanketa egin behar dugu errotuta ditugun hitz desegoki horiek moldatzeko, eta dena norberaren borondatetik hasten da.
Ez dizut pilota bota nahi irtenbiderik eman gabe, beraz, nondik hasi? Fokua desgaitasunean jarrita, izendapenetik. Gaur egun, adierazpen egokitzat honakoa jotzen da: desgaitasuna duen pertsona (desgaitua beharrean), eta desgaitasunik ez duen pertsona (pertsona normala edo pertsona osasuntsua beharrean). Eta bestetik, naturaltasunez ondokoak esandakoa zuzenduko bagenu, mezua errazago etengo litzateke eta batzuk besteen gainetik jartzeko jarrera errotik etengo litzateke (lagunartean egiten diren txiste matxistak moztu beharko genituzkeen bezala).
Has gaitezen bizitza koloretakoa dela ulertzen, ez dela dena txuria edo beltza. Ez garela normalak edo anormalak; ez garela emakumeak edo gizonak; gizenak edo argalak. Eta aniztasun horren barruan elkar errespetatu behar dugula hitz egokienak erabiltzen saiatuz.