Gutuna: "Etxebizitzarena arazoa da negozioarekin dagoelako lotuta"
Ainhoa Mariezkurrena Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak gutuna bidali du HITZAra, onartu berri den etxebizitza legearen harira. Jarraian, hitzez hitz, hark esandakoak:
Etxebizitzarena arazoa da negozioarekin dagoelako lotuta
Abenduaren 31ean onartu zen EAEko etxebizitza lege berriak gainazaleko soluzioak baino ez dakartza, eta hamaika zulo. Etxebizitza lehen mailako beharrizan gisa ulertu ezean eta merkantzia izaera edukiz gero, ezinezkoa da eskubide bilakatzea eta, hortaz, ez da egongo irtenbiderik. Giltza berriek ezin dute zimendurik aldatu.
Alderdi politiko guztiak bat datoz arazoaren gaindipenaren helburua errentagarritasunean jarriz, etxebizitzaren merkatuarenean, hain zuzen. Eztabaida, beraz, horretan inbertituko den diru kopuruan baino ez dago. Edozein dela eta, eraikuntza eta errentismo ziklo berri bat abiatzea du helburu, eta horrek eraikuntza enpresetara milioika euro bideratzea baino ez dakar, gehien dutenei gehiago eman eta egoera okerrenean daudenei oztopo gehiago ipiniz. Hala nola, gizarte zerbitzuak murriztea, diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma edo RGI eta BOEtara (babes ofizialeko etxebizitzak) sarbiderako murrizketa arrazistak, kasu; gehiago eta azkarrago eraikitzeko muga eta baldintzak erraztea, eta, hartara, kalitate okerragoan: ingurumen-kontrolak saihestu, etxeen behealdeetan eraikitzea baimendu, edo lehen bizigarritzat ez diren etxeak sortzeko aukerak; edo eta babes ofizialeko etxebizitza gutxiago eraikitzea, %75etik %60ra murriztu baita hauen beharrezkotasuna. Azken honekin, gainera, etxebizitza eskuragarria kontzeptua asmatu dute, 200.000 euro izatea eskuragarria balitz bezala Eta diru laguntzak. Diru laguntza berriak sortzen ari dira langileriaren lasaitasunerako. Goxoki bat ahoa betea eduki eta gehiago ez hitz egiteko. Non bukatzen du bada laguntzetan inbertitutako diruak? Errentisten poltsikoetan. Logika bera erreproduzitzen ari dira etengabe eta horrek, arazoa normalizatu, estankatu eta betikotu baino ez du egiten, langile klasearen gehiengoa merkatutik kanpo utziz.
Eskualdean, adibidez, ez dira neurriak errespetatu: eraiki berri dituzten Altzateko Lezo aldeko etxebizitzetan, esaterako, 29 dira babes ofizialekoak eta 79 libreak, eta azken hauek 400.000 eurotik gora balio dute. Pasaian, San Pedroko Velascoko etxebizitzen %63 dira BOE, eta librekoek 400.000 euro inguru balio dute ere bai. Oiartzunen, Arraguan eraiki nahi dituzten 386-428 etxebizitzetatik %53 edo %48 izango dira BOE, eta librekoek 400.000 eurotik gora balio dute. Eraikuntza berrietan indarra jartzen ari den bitartean, Oreretan 900 etxe huts baino gehiago daude eta Pasaian %10,8koa da etxebizitza hutsen tasa, herri hauetako udalen txostenen arabera. Lousada kalean (Orereta) eta Eskalantegin (Antxo) etxe hutsak daude eta bitartean, 2.000 pertsonatik gora daude Etxebiden izena emanda Oreretan, eta ia 1.500 Pasaian. Eskalerillasen (Trintxerpe) hamabi familia kaleratu nahi dituzte Eusko Jaurlaritza eta Portuaren interesak bermatzeko. Euskal Herrian 5.500 pertsona daude egun kale gorrian eta egunean 3 etxegabetze ematen ari dira.
Etxebizitzaren arazoa, beraz, ez dago ez etxebizitza eskasian, ez alokairuaren prezioaren mugan, ez BOE-en ehunekoaren zenbatekoan… Jarritako helburu eta politiketan dago. Gutxi batzuen irabazia eta gainontzekoen miseria ez baita inoiz soluzioa izango. Langile klaseak etxebizitzaren gaineko kontrola bereganatu behar du, zer eraiki eta nola banatu erabaki, etxebizitza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa izan arte.
Ainhoa Mariezkurrena. Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea.
