Argi printzak
Erraza zaigu apokalipsia irudikatzea: klima-aldaketa, gerrak, prezioak garestitzea, suteak, pandemia, energia nuklearra… Elkarrizketa bakarrean kabitu litezke denak. Eta okerrena zera da: pentsatzen jarrita, kalkuluak egiten hasita, konturatzen garela ez dela arrazoirik falta. Azken hamarkadetan areagotu egin da mundua amaitzeko gaitasuna; gaur egun ez da hipotesi literarioa soilik. Marina Garcések azaltzen duenez, gizakiak bere mundua eraikiz planeta suntsitzen du, eta ahitzear dugu jada.
Irudipena dut, ordea, gizakiak berezkoa duela munduaren akabera aurreikustea; Itun Berriak ere badu bere bertsioa. Ez dugu zientzia-fikzio handirik behar osagaiak identifikatzeko: geurekin daramatzagu. Onartu arren apokalipsia irudikatzeko motibo errealak badirela eta konponbideak pentsatzeko eta praktikan jartzeko premia handia dela (Garcések badu proposamena: pentsa dezagun elkarrekin mundua berriz –beste modu batera– bizimodua aldatzeko), gizakiaren joera apokaliptikoa hartu nahi dut hizpide. Geure-geurea da. Etsigarria da. Afalondoa eta mundua, biak iluntzen ditugu. Lagunarte hurbila, lankide-taldea, familia, edozein ordu, edozein hizketagai: beti kabitzen da hondamendia.
Baina mundua iluntzeko gaitasuna bezainbatekoa da hura argitzeko duguna ere. Edo ditugunak. Kultura da bata. Mundua ulertzeko aukera ematen digu: zentzu bat ematekoa eta etorkizun bat –hobea– ikustekoa. Ze munduari zentzua eman egin behar zaio. Kantu bat, ipuin bat, film bat: mundua bizigarriago egingo digun fikzio dosi bat, partekatua; horixe izan liteke kulturaren definizio bat. Eta kultura sortzeko gaitasuna unibertsala den arren mundu partikularragoak bizi ditugulako, garrantzitsua da ahots guztiei eustea. Ertzak defendatzea. Euskal herri txiki honetakoak, esaterako. Bizenta Mogel, Txillardegi, Miren Narbaiza. Begiradak. Geureak. Euskaraz.
Ikasturtea amaitu den honetan, ez dakit ikasgaia ez ote dugun justu samar pasa, ordea. Kezka hedatzen ari da azken urteetan: etena dago euskal kulturaren transmisioan. Datorren astean egingo da, Hik Hasiren eskutik, hezkuntzan kulturaren transmisioa egin ahal izateko bideei buruzko ikastaroa, Donostian; Oiartzunen Kanterri ikastaroa antolatu dute uztailaren 11 eta 12an, euskarazko kantagintza aztertzeko eta hura sustatzeko. Beharra baden seinale. Mundua erabat ilun ikusez dezagun, zentzua eman ahal izan diezaiogun, belaunaldi berriek sortzen
jarraitu ahal izan dezaten, behar dugu fikzio dosia, behar ditugu ereduak, argi printzak.